Abarkas izan da azken kanporaketan garaile

Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira

Hiru finalaurrekoak erabagita

Eneko Abasolo "Abarkas" / Bizkaia Irratia

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sei kanporaketak jokatu ostean, erabagita dagoz hiru finalaurrekoak. Domu Santu egunez, Lekeition egin zan azken kanporaketea. Ikusgarri zinema aretoa jentez bete zan eta sarrera guztiak agortu. Eneko Abasolo, “Abarkas” izan zan garaile. Eider Gallastegik esan deuskunez bertsolari guztiak patxadaz aritu ziran saioan. 466 puntu lortu ebazan Abarkasek. Hiru puntura geratu zan Koldo Gezuraga. Beñat Bilbao, Peru Irastorza, Maite Sarasola eta Aitor Arrutia izan ziran hurrengoak. Enekok garaipena merezi ebalakoan dago Gallastegi.

Finalaurrekoak erabagita

Honenbestez hiru finalaurrekoak erabagita geratzen dira. Berrizen izango da lehenengoa hilaren 11an arratsaldeko bostetan. Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Xabat Galletebeitia, Iruri Altzerreka, Eneko Abasolo eta Koldo Gezuraga arituko dira Olakueta frontoian. Ordu berean, zemendiaren 18an, Santurtzin, Serantes kultur aretoan Aitor Bizkarra, Jone Uria, Mikel Goriena, Unai Mendiburu, Bittor Altube eta Txaber Altube izango dira. Azkenik, zemendiaren 25ean, Lemoako udal kiroldegian, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ibai Amillategi, Oihana Bartra, Josune Aramendi eta Aissa Intxausti arituko dira arratsaldeko bostetan. Eider Gallastegik, nahiko orekatuta ikusten dauz hiru saioak. Ezustekoren bat izan daitekeelakoan be badago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00