'Elkar mugituz egingo dugu' da aurtengo leloa

Euskaraldiaren laugarren edizinoa maiatzaren 25era arte izango da

Hizkuntza ohituretan eragiteko momentua

Euskaraldiaren laugarren edizinoa hasi da, Elkar mugituz egingo dugu lelopean. Hamaika eguneko ariketa soziala, euskaldunen arteko sareak josteko, bakotxak bere rola aukeratuta: ahobizi edo belarriprest. Ahobizi aukeratu eta txapa hori paparrean daroenek, konpromisoa hartuko dabe lehenengo berbea euskeraz egiteko, eta euskeraz dakienekin euskeraz jarraiteko. Belarriprest-ek erakusten dabe eurak behar bada ez dirala gai alkarrizketa oso bat euskeraz egiteko, baina ulertu bai egiten dabela eta beraz eurekin euskeraz egiteko egiteko aukerea dagoela, nahiz eta eurak gaztelaniaz erantzun.

16 urtetik gorakoentzako ariketea da, euskaraldia.eus webgunean izena emon behar da, txapea jaso eta hamabost egunez euskeraz sareak egiteari ekin. 16 urtetik beherakoak xaxatzaile izatera konbidetan dira. Gehien-gehienek euskeraz badakie, ikastetxeko euren hizkuntzea dalako, eta etxe barruan gurasoen xaxatzaile izatea proposatzen jake. Ezagutzatik erabilerara saltoa emotea da Euskaraldiaren helburu nagusia.

Euskaraldia hasi dala ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira gaur leku askotan. Guztietan irakurriko da testu bateratu bat, eta danek batera jarriko dabe Euskaraldiko txapa 19:00etan. Hortik aurrera, dantza, musika eta ikuskizunak izango dira, besteak beste, herri eta uri honeetan: Bilbon, Indautxu plazan, 18:00etan;  Getxon, 18:00etan, Gure Zirkuko karpan, Portu Zaharrean; Barakaldon, herriko plazan, 18:30ean; Portugaleteko San Roke plazan-Solar plazan, 19:00etan; Ortuellan, Otxartaga plazan, 18:00etan; Dimako plazan, 19:00etan; Lemoizen, Armintzako portuan…

Bizkaia Irratiak irratsaio berezi eta bateratua egin dau gaur Algortako Telletxe plazan, 11:00etatik 13:00etara, Euskaraldiaren etxolaren ondoan. Ekimen hau Bizkaia Irratia, Getxoko Komunikazino Zerbitzua, HIRUKA eta Euskaraldia batzordeak  alkarlanean antolatu dabe, euskerearen aldeko aldarria kalera ataratzeko asmoz. Podcast honetan entzun zeinke irratsaio osoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00