Lauro Fundazioaren aurkezpen ofizialak 450 lagun inguru bildu ebazan atzo arratsaldean Bilbon. Lauro Ikastolaren inguruan hamarkadetan zehar pilatutako esperientzian eta landutako balioetan oinarrituta sortu da proiektu barria, ezagutza hori gizartearen zerbitzura jarteko beste urrats bat emoteko asmoz, Idoia Iruretagoiena Lauro Ikastolako zuzendariak azaldu deuskunez. EHUko Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan egindako ekitaldian, erakundeetako ordezkariak, euskal gizarteko hainbat arlotako eragileak eta Lauro komunidadeko kideak alkartu dira, etapa barri bati hasierea emoteko: “Ekitaldia oso ondo joan zan. Solasaldia be euki genduan, Lauro komunidadeagaz lotura daben Julia Shershneva, Iraia Iturregi eta Mikel Urbeltzegaz. Hunkituta urten ginan“.
2025ean eratuta, Lauro Fundazioa Lauro komunidadearen gizarte-konpromisoa zabaltzeko jaio da, ikasgeletatik harago euskeraren erabilerea indartzeko, euskal kulturea sustetako, aukera-bardintasuna bultzetako eta gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eregiten laguntzeko ekimenak garatuz: “Hausnarketa prozesu batetik dator fundazinoa sortzearen ideia. Pauso bat emoteko momentua da, hezkuntzaz harago joateko. Horren harira, bolondresak funtsezkoak izango dira geure fundazinoan”.
Aurkezpen honegaz, Lauro Fundazioak bere ibilbideari ekin deutso, Bilbon eta bere ingurunean jarduteko asmoz. Etorkizunagaz konprometidutako komunidade ireki eta parte-hartzailea eregitea dauka xede, alkarlana eta herritarren inplikazinoa oinarri hartuta: “Hezkuntzan integrau gura doguz kanpotik datozan pertsonak. Geure ardatzak zeintzuk izango dira argi daukagu”. Hain zuzen be, asmo hori argi jasoten dau fundazinoaren leloak: Gu egiten gaituena zainduz, etorkizuna elkarrekin eraikiz.
