“Euskal herritar barriei euskerea ikasteko ibilbide osoa doan eskaintzea estrategikoa da” esan dau Idurre Eskisabelek

“Euskerea bizibarritzeko indarraldia sustatzeko garaia da” esan dau Kontseiluko buruak

Idurre Eskisabel: “Epaiekin amaitzeko Enplegu Publikorako Legea aldatu behar da”

Idurre Eskisabel (Kontseilua) / Bizkaia Irratia

Euskalgintzaren Kontseiluko arduradunak, Idurre Eskisabelek, argi laga dau 2025. urtea euskerearen bizibarritzeari bultzada barria emoteko urtea izan behar dala. Bere berbetan, euskalgintzak eta euskal gizarteak aktiboki parte hartu behar dabe prozesu honetan, hizkuntzearen aldeko jarrerea kalera eta plazetara eroanda.

Eskisabelek nabarmendu dau herritarren parte-hartzeak garrantzi handia dauela, eta, horretarako, hainbat ekimen bultzatuko dirala aurten. “Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko, baina instituzinoek be konpromiso irmoa hartu behar dabe”, adierazi dau.

Epaileen erabagien inguruko kezka

Goizeko Izarretan saioan egin jakon alkarrizketan, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren lan eskaintza publiko baten aurka hartutako erabagiari be heldu deutso Eskisabelek. Epai horrek euskerearen presentzia gehiegizkoa zala argudiatu eban, eta horrek, Eskisabelen ustez, euskerearen bizibarritzeari eragozpenak jarten deutsozan judizializazino prozesu baten parte dala adierazoten dau. “Kezkagarria da azken urteetan euskerea bizibarritzeko behar diran tresnak indartu beharrean, epai bidez mugatzen ari dirala” azaldu dau.

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste eragile batzuek legegintzako aldaketak bultzatzearen beharra azpimarratu dabe. Galizia eta Kataluniako eredua aitatu dau Eskisabelek, non enplegu publikoan hizkuntza ofiziala jakitea ezinbesteko baldintza dan.

Euskaltegien doakotasuna eta erronkak

Euskaltegien inguruan bere aritu da Eskisabel, eta helduen euskalduntzea funtsezkotzat jo dau euskerearen etorkizunerako. Doakotasunak A1eko matrikula kopuruetan eragin positiboa izan dauela azpimarratu du, baina maila aurreratuetarako bere doakotasuna bermatzea beharrezkoa dela gaineratu du. “Euskal herritar barriei euskerea ikasteko ibilbide osoa doan eskaintzea estrategikoa da” adierazo dau.

Euskerea eta feminismoa buztartuz

Azkenik, Eskisabelek hizkuntza gitxituen auzia eta feminismoaren arteko loturea aztertu dau, Julia Ogeda Cabaren Matria o barbarie liburuaren aurkezpenean parte hartu ostean. Euskerearen normalizazino prozesuak aldaketa sozial sakonak dakarzala azaldu dau eta feminismoaren esperientziatik ikasteko aukera nabarmendu dau. “Eraldaketa sozial txikiek alkarrekin jardunaz, aldaketa handiagoak errazteko aukerea dabe” zehaztu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00