Amoroton 400 herritar inguru bizi dira. Holako udalerri txiki batetik anaia bi Olinpiar jokoetan egotea ez da erreza. Idurri baserriko anaiak bik lortu eben. Angel Urrutiak arraunean parte hartu eban Mexikon, 1968an. Aulki mugikorrean lehiatzen zan. Urte batzuk geroago, Bartzelona 92 jokoetan izan zan Santi Urrutia anaia gaztea.
Santi Urrutia ‘Idurri’ konbidau dogu Amorotoko Herriz Herri saiora. Ugaran auzoan egon gara, Oletan. Idurrirentzat Amoroteko behe alde horixe dau bere eremua. Lea errekearen ondo-ondoan bizi dira. Herri kiroletan be hantxe hasi zan. Ziurrenik, jaietan.
Txinga eroatea, sasoi baten, inguruko jai guztietan egiten zan. Gazte askok parte hartzen eben. Santik be bai, zelan ez. Gero, Aittitta Makurra sokatira taldea sortu eben Lekeition. Han egon zan Idurri Euskadiko Txapelketan laugarren geratu ziranean.
Sokatirakoa amaitu zanean, txingan, trontzan, burdi jokoan… Bizkaiko txapela behin jantzi eban txinga eroatean eta hainbat aldiz burdi jokoan. Halantxe heldu zan Bartzelonako Olinpiar jokoetara. Iparraldeko Jokoak deitzen eutsien lehiaketan, burdiari bueltako emonaz.