Herriz Herri saioa amaitzeko, Igone Etxebarriagaz egin dogu berba Bedian. Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendaria da eta Bediako zinegotzia, besteak beste. Euskal filologoa, idazlea, euskaltzaina… saltsa askotan ibili da eta dabil, berak esan deuskun moduan. Labayrun, ondarearen transmisinoa dabe helburu. Etxebarriak ideia hori barru-barruraino sartuta daukala aitortu dau. Bedian bertan, urterik urte, ondarearen transmisinoaren gaineko zeozer egiten ahalegintzen dira.
Lehenengo eta behin, ‘Bedia. Bizimodua eta ohiturak’ liburua eta DVD-a argitaratu eben. 1936ko gerrearen aurretik jaiotako bediarren bizimodua jaso eben: bizimodua, ohiturak, etxea, jaiak… Harrezkero, Bediako bizimodua asko aldatu da. Adibidetzat, tabernak aitatu ditu Etxebarriak. Lehenago, auzo guztietan egoten zan tabernaren bat. “Jentea batzeko” esan eta batera zuzendu dau “gizonak batzeko”. “Ze andrak zerbiduten egoten ziran” gaineratu dau. Baina, orain, taberna bakarra dago Elexalden, erdiguenean, eta besteren bat, auzo baten. Lehen liburu eta DVD horren ostean, baserrien katalogoa, toponimia azterketea eta beste hainbat lan egin ditue.