
Bizkaian zehar dabil Igor Legarreta zinemagilea Inurri itsuak pelikula barria filmatzen. Martiaren 13an hasi zan errodaia. Hamar bat astez, Bilbon, Elorrion, Galdakaon, Getxon, Gorlizen edo Mundakan ibiliko dira. Egunotan, esan behar, Abadiñon dagozala. Ramiro Pinilla idazle getxoztarraren Las ciegas hormigas eleberrian oinarritutako filmea da Inurri itsuak. Igor Legarreta zuzendariak aitortu dauanez, ez eban ez egilea ezta eleberria ezagutzen nahiz eta bera Leioakoa izan. Andoni De Carlosek egin eutson lanaren aipamena eta beragaz batera egin dau Legarretak egokitzapena. Bere ustez, arreta eskasa jaso dau eleberri honek eta istorio oso potentea da.
Western tragikoa
1961. urtean jaso eban Nadal saria Pinillak eleberri honegatik. 30. hamarkadan eta Getxon kokatzen da istorioa. Ekaitz gogor baten ostean, ikatz-tonaz betetako itsasontzi ingeles bat heltzen da itsasertzera. Algortako bizilagunak bertan pilatzen dira urre baltza eskuratzeko. Sabas Jauregik aukera paregabea ikusten dau baina Josefa emaztearentzat, zantzu txar bat da. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga dira aktore protagonistak. Legarreta oso pozik azaldu da euren lanagaz, kontuan hartuta istorioaren zatirik handiena gauez eta ekaitzpean gertatzen dala. Behin errodaia amaituta, Igor Legarretak ez daki oraindino noiz izango dan Inurri itsuak filmearen estreinaldia. Urte amaieran izan daitekeela aipatu dau.