
Iker Peregrina suizidologian aditua da, irakaslea, hezkuntzaren neuropsikologoa eta Aidatu alkartearen kolaboratzailea izateaz gain. Lau Haizetara irratsaioan azpimarratu dauanez, suizidioaz berba egitea ezinbestekoa da, tabu eta estigma guztiak apurtzeko. Gaitza ez da ikuspegi batetik azaldu behar, baizik eta faktore biologiko, psikologiko eta sozialek eragiten daben giza fenomeno konplexu lez aztertu behar da.
Peregrinak azaldu deuskunez, estigma nagusien artean dagoz, suizidioa “eroan kontua” edo “gaixotasun mental bategaz” lotzea. Horrek pertsonak isilarazo eta laguntza eskatzeko zailtasunak sortzen dauz. Laguntza eskatzea sarritan gatxa izaten da, sufrimendua bera oztopo bihurtzen dalako eta lotsa edo beldur soziala tartean dagoalako. Horregatik, laguntza eskaintzeko orduan be jenteak beldurra edo ziurgabetasuna izaten dau. Peregrinak dino entzute aktiboa, balioztatzea eta presentzia dirala lehen pausorik boteretsuenak, eta ez aholkuak emotea.
Instituzino publikoek eta suizidioaren prebentzinoan lan egiten daben alkarteek hainbat bitarteko daukiez herritarrei laguntza emoteko. Iker Peregrinak 024 telefono zenbakia (doakoa eta eguneko 24 orduz) aitatu deusku. Hortaz ganera, Aidatu —Euskal Suizidologia Alkartea— alkartearen inguruan be egin dogu berba. Alkarte honek formakuntza, aholkularitza eta kontzientziazino lanak egiten dauz.
Euskal Autonomia Erkidegoan urtean ehunka suizidio gertatzen dira, eta gizonengan da intzidentziarik handiena, batez be 40 urte inguruan. Hezkuntza sisteman prebentzinoa lantzea ezinbestekoa dala gaineratu dau Iker Peregrinak. Bere eretxian, suizidioaz modu arduratsu, zientifiko eta hurretik berba egitea da prebentzinorako biderik eraginkorrena. Tabua apurtzea, entzutea eta alkarlan soziala dira oinarriak.