Jaiotze tasak azken aldion behera egin dau nabarmen eta musika eskoletan edo koruetan zein abesbatzetan umeen kopuruak behera egin dau. Koru batzuk desagertu dira, desagertzen azkenetarikoa Gernika Gaudeamus abesbatza. “Musikeak, kantuak pertsoneari laguntzen deutso eta komunidade eraikuntzan be indar handia dauka” esan deusku gaur Iñigo Alberdik Goizeko Izarretan irratsaioan.
Iñigo Alberdi Soraluzen jaio zan 1973an eta Zuzenbidean Lizentziaua izateagaz batera, Klabezinean eta Pedagogia Musikalean goi mailako gradua dauka. Euskadiko Musika Orkestrako zuzendaria izan da 2006tik 2014ra eta azken urteetan Bilboko Koral Elkarteko zuzendari-gerente dabil. Fair Saturday edo Musikeneko patronatuetako kide be bada.
Koru kopuruaren beherakadeari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak bide orri bateratua aurkeztu dabe. “Gure eskaintzea barriztau eta imaginatiboagoak izan behar dogu. Koruen mundutik be autokritikea egin behar dogu, jendea eta erreleboa badagoz, baikorra naz” esan dau Iñigo Alberdik.
Euskadin gaur egun dagozan abesbatzen erdia baino gehiago, %52 inguru, Gipuzkoan dagoz. Bizkaian %39 legokez eta Araban %11. Azken urteetan dozenaka koru eta abesbatza desagertu dira. Horren atzean arrazoi bi egon daitekezala uste dau Bilboko Koral Alkarteko zuzendariak. “Arrazoi historikoek eta herrien konfigurazinoak honetan zerikusia daukie, Gipuzkoan koruen mogimendua egonkorragoa izan da” esan dau Iñigo Alberdik.
Ura Bere Bidean musika eta kantu ikuskizuna euki barri dogu BECen eta azaroaren 29an EI Bilbao ikuskizun handia izango da Bilbao Arenan. Hitzordu horreei buruzko gogoeta be egin dau Goizeko Izarretan Bilboko Koral Elkarteko zuzendari gerenteak.