Euskadiko lehen Harreraguneak ateak ireki ebazan gaur dala 13 hilabete, 2024ko azaroaren 18an, Bilbon. Lehen urte honetan, 88 herrialdetako 4.015 migratzailek jo dabe Harreragunera. Izan be, beste herrialde batetik Euskadira ailegetan dan migratzaile batentzako lehen harrera atea da. Iñigo Zubizarreta, Bilboko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun zinegotziak Harreragunearen garrantzia nabarmendu dau eta orain arte egindako lana txalotu: “Harreraguneren lehen balantzea oso positiboa izan da”.
Hain zuzen be, Colón de Larreateguiko 3an dagoan Harreragunetik egin dogu gaurkoan Goizeko Izarretan irratsaioa, Migratzailearen Nazinoarteko Egun honetan. Urtero munduan hainbat pertsonak hartzen dabe baterako edo besterako bidea, arrazoi ezbardinek eraginda, baina, batez be, egoera gatxetatik igesi eta bizimodu hobeen bila. Nazino Batuen Erakundeak antolatuta, egun hau 2000. urtetik ospatzen da. Egun honetan migratzaileek bizi dabezan eragozpen, arazo eta zailtasunak erakutsi gura dira, eurak egiten daben ekarpenaz gain.
Harreragunen migratzaileei bertoko ateak zabaltzen ahalegintzen dira, informazinoa, orientazinoa eta laguntzea eskainita. Horretarako, diziplina anitzeko lantaldea dauke. Zerbitzuen artean: aholkularitza juridikoa, formazinoa eta lan-orientazinoa, ikasketen homologazinoa, laguntza psikosoziala, familia barriro alkartzen laguntzea, gizartean eta kirolean parte hartzea, etab.
