Hawaiiko Kai´wi kanala, 42 km-ko zabaleragaz eta 15 orduko iraupenagaz gitxi gorabehera, munduko itsas zeharkaldirik gogorrenetakoa da distantzia luzeko ugerlarientzako. Oque ahu eta Molokai ugarteak banatzen dauz eta Zazpi Itsasoen erronken artean dago, oso ugerlari gitxiren esku. Gure herrialdean bada erronka hori egiten dabilen kirolari bat, eta horrelako erronketan aditua da. Hobeto esateko, bikote bati buruz berba egin beharko geunke mugak astintzen dauzan abentura berezi hau ondo ezagutzeko.
Esan dogunez, Kai´wi kanala munduko zeharkaldirik gogorrenetakoa da eta Bizkaia Irratiko lagunak diran Iskander Sagarminagak (ugerlaria) eta Eider Eibarrek (ilustratzailea) gogo guztiekaz egingo deutsie aurre, erronka hau be lortzen dauan lehenengo euskalduna izateko. Zazpi Itsasoetako erronka egiten dabilz. Ddagoeneko hiru itsaso zeharkatu dabez.
Talde lana da Iskanderrek eta Eiderrek egiten dabena, pasa dan urtean Hiruko Koroa lortzeko, besteak beste. Alkarregaz antolatzen dabez bidaiak. Iskanderrek gogor egiten dau uger, muga fisiko eta batez be, mentalak gaindituz, eta Eiderrek bere alboan doan itsasontzian laguntzeaz gan, dana kontau eta dokumentetan dau.
Prestetan dabezan erronkak atxaki ederra dira itzelezko abenturak jarraitu ahal izateko. Iskanderrek itsaso miresgarri eta arriskutsuetan uger egiten dau, baina hainbat animalia, pertsonaia, egoera eta istorio berezi aurkituko dabez euren bidaia berezietan, bertoko historia ezagutzeko aukeragaz eta Eiderrek hori dana biltzen dau ilustrazino eta dokumentu xarmagarriekaz. Betiko lez Kokoen bila ibiliko dira zeharkaldi osoan eta kokoak.eus webgunean dana jarraitu ahal izango dozue.
