Gehiengo zabal eta egonkorrenak sozialistakaz daukoz Eusko Alderdi Jeltzaleak. Bi alderdiek koalizino gobernuak eratzen lagunduko dabe Foru Aldundi eta udal guztietan. Joan dan astean lortu eben akordioa eta gaur horren ganean itaundu deutsogu Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteari. PSEgaz sinatutako akordioari esker ziur asko PSEk Trapagaranen eta Muskizen aginduko dau eta 17 udalerritan gehiengo osoa izango dabe jeltzale eta sozialistek. Gernikan egon leikezan aukerei buruz, Gernikako jeltzaleek autonomia zabala daukela esan deusku Atutxak. Abadiñon auzo-plataformakaz akordua lortzea ez dau baztertu Atutxak eta Bermeon Guzan alderdiagaz berba egingo dabela aurerratu dau.
Autokritikea
“Ez dogu boto emolearengan ilusino nahikorik sortu, ondo aztertu behar dogu udalez udal hautagaitzak ondo aukeratu diran eta gure irudiaren ingurukoak be” azaldu dau Atutxak M28ko datuei begira. “Kalean sortutako lan-gatazkek edo kanpainan sortutako giroak akaso politikarekiko desafekzinoa sortu dabe. Alderdiok badaukagu gai horreetan ardurea, onartu beharrekoa” gaineratu dau BBBko buruak.
Pedro Sanchez
“Sanchezen gobernuak eta PSOEk badakie gugaz 2019an sinatutako akordua ez dabela bete. Orain ez dago denborarik eskumenen trasferentzia uztailaren 23a baino arinago beteteko. Konfiantza larregi euki dogu eurakaz. VOX dagoan edozein akordutan ez gara egongo, Sanchezek uste dau era horretara gatibu gaukazala baina azken hori ez da egia” azaldu dau Atutxak.
Ertzaintza
Ertzainak Indarbidean plataformak azken egunotan eragindako protestakaitik galdetuta Atutxak horren atzean izkutuko eskuren bat dagoala esan dau. “Ertzaintzatik kanpo dagoan baten batek, izenik eta aurpegirik ez daukona hau guztia manejetan dabil” gaineratu dau BBBko buruak.