Irailaren 14ra arte egongo da zabalik

'Bilboko Erraldoiak' erakusketea Maria Bihotza plazako aztarnategian dago ikusgai

Itziar Martija: “Erraldoiak betidanik egon dira Bilboko jaietan presente”

Urtero egiten dan Bilboko Erraldoiak erakusketea ikusgai dago Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Irailaren 14ra arte egongo da zabalik, martitzenetik domekara, goizez (10:00etatik 15:00etara). Garagarrilaren 25ean eta 31n, eta abuztuaren 15ean zarratuta egongo da, jai-egunak diralako.

Bilboko Erraldoiak erakusketak Bilboko erraldoien historia eta sinbolismoa erakusten dau. Bertan 16 erraldoi ikusi daitekez, tartean, lehenengo belaunaldiko piezak eta bikote barriak. Berreginen Museoko Itziar Martijak Bizkaia Irratiari azaldu deutsanez, “lehenengo belaunaldiko erraldoiak 80ko hamarkadan sortu ziran eta oraingo bikote batzuk barriz, barriak dira”. Bilboko Aste Nagusiagaz batera sortu ziran erraldoiak. Honezkero 40 urte baino gehiago daroez kalera ateratzen eta kaleak betetzen. Aste Nagusiko ikur nagusietakoak bihurtu dira.

Erakusketarako sarrerak Berreginen Museoaren ohiko prezioan dagoz eskuragarri, eta museoan bertan (San Frantzisko 14) edo aztarnategian (Conde Mirasol 2) erosi daitekez. Erakusketarako sarrerak museora sartzeko be balioko dau, eta alderantziz. Prezio orokorra 3 eurokoa izango da, eta taldeentzat 1,5 euro pertsonako. Pentsinodunek, aniztasun funtzionala daukien pertsonek, 12 urtetik beherako gazteek eta irakasleek doan izango dabe sarrera.

Bilboko Erraldoiak erakusketearen harira, ganera, tailerrak eta familia-jarduerak antolatu dira: ‘Iman erraldoia’ tailerra (garagarrileko eguen guztietan, 12:00etan) edota ‘Erraldoien dantza’ saioak (garagarrilaren 11n eta 18an, 11:30ean) Ondalan alkartearen eskutik. Horrez gain, erakusketea bisitetan dabenek gomazko erraldoi baten zozketan parte hartu ahal izango dabe, erakusketari buruzko galdera bati erantzun eta sarrerako kutxan itxi ezkero. Zozketea irailaren 3an egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00