Basauriko kartzelak 60 urte beteko dauz aurten, nahiko zaharra da eta 2023an patioa, dutxak, sare elektrikoa eta ikasgela batzuk barritzeko lanak egin dabez. Ohiko internamenduan preso dagozanak norabide ezbardinetan dagozan hiru korridore edo pasilotan dagoz, kolore urdineko ateak daukiezan ziegetan, ziega bakotxean preso bat edo bi egoten dira.
Basaurikoa mogimendu askoko kartzela da, preso gehienak behin behineko espetxealdian dagoz, euren epaiketea noz hasiko zain edo epaiketa horren sententziaren zain. Beste gitxi batzuk zigor luzeak beteten dabilz. Gizonen kartzela da, ez dago emakume presorik. Andrazkoak Arabako Zaballa kartzelan dagoz. Basaurikoan bizi diranen artean danerik dago; batetik ETAko presoak dagoz bestetik sexu-gehiegikeriak edo genero indarkeria eragin dabenak. Beste delitugileen artean iruzur ekonomiko larriak edo trafiko arau-hauste oso larriak eragin dabezanak topau geinkez.
Basauriko kartzelan gaur egun 565 preso inguru dagoz, horreetatik preso ugari hirugarren graduan dagoz, hau da kontrolerako eskumuturrekoa dabe eta kartzelatik kanpo lo egiten dabe edo espetxera lo egitera baino ez dira joaten. Espetxe barruan modu iraunkorrean biziten 172 preso dagoz. Honeen artean %80 bertokoak dira eta %20k jatorri atzerritarra dabe.
“Euskal kartzeletako aurrerapausu nagusia erdi-askatasuneko erregimena da. Orain arte bide hau oso arrakastatsua izan da eta bergizarteratzen laguntzen dau” azaldu dau Jaime Tapiak Eusko Jaurlaritzako Espetxe Politiketarako aholkulari nagusiak.
Jaurlaritzak aurton espetxeetan behar diran profesionalen lanpostuen zerrendea zehaztuko dau, horretan oinarrituta 2025ean Lan Eskaintza Publikoa atarako dabela esan dau Tapiak. ETAko presoen hirugarren graduari buruz, presoen bergizarteratzeari buruz edo emoten jakezan aukerei buruz be berba egin dogu Jaime Tapiagaz.