
SATSE sindikatuaren arabera, pandemiatik hona erizainen lan baldintzak ez dira asko hobetu, nahiz eta orduan agirian geratu ziran osasun sistemearen gabeziak. Janire Temprano Bizkaiko idazkariordearen esanetan, hartutako neurriak txikiegiak dira, erizainen lan baldintzak eta egonkortasuna ez dira hobetu.
Pandemia urteko gorabeherak gogora ekarri ditugu beragaz eta aldi oso gogorra izan zala esan deusku. Ahaleginak eta bi egiten zituela, eta halanda guzti be jentea hilten zala, eta hori oso gogorra izan zala eurentzat. Holako egoerek eragina izan ebela euren artean eta osasun arloko profesional askok erreta amaitu ebela. Egoera horri aurre egiteko laguntzarik ez dabela jaso esan deusku Tempranok.
Osasun foroaz baikor
Eusko Jaurlaritza barriak martxan ipinitako Osasun foroaz baikorrak dira, Osakidetza indartzeko pauso guztiak onak diralako. SATSEtik jentea eskeini dabe foroaren 24 estrategietan sartzeko. Erizain eta fisioterapauten ikuspuntua izatea garrantzitsua dala esan dau, eurak dagozalako lehen arretan. Talde horreetan ahalik eta arlo gehienetako jentea egotea garrantzitsua da eurontzat, eta batez be erizainak eta fisioterapeutak egotea, jenteagaz zuzenean eurok dagozalako gehien. Holan lan eginda, foro emonkorra izan leikela uste dabe.
Erizainen kontrako erasoak goraka
Erizainen kontrako erasoek goraka jarraitzen dabe, berbazko zein fisikoek. Urtetik urtera joerea gorakoa ei da gainera, nahiz eta erasorik gehienak ez diran salatzen. Janire Tempranok azaldu deuskunez, erizanak eurak dira salaketea aurkeztu behar dabenak, babes barik dagoz, eta horren aurrean ez salatzera joten dabe. Honen aurrean prebentzinoa landu behar dala azaldu deusku, erasoen sutraia zein dan ikusi, lan ratioak eta profesionalen lan baldintzak hobetu eta babesa izan.