IGEko kideek jakitera emon dabenez, gitxi gorabehera, Berangoko herri-ikastetxeak 2000. urtetik ez dauka sukalde propiorik. Maritxu Arroyo Berango Merana eskolako IGEko kideak Bizkaia Irratiari azaldu deutsanez, orduan sukaldea catering zerbitzuagaitik ordezkatu zan, EAEko eskola askotan gertau zan lez. Urte honeetan familiek gero eta kezka handiagoa agertu dabe, besteak beste, elikagaien jatorriaz informazinorik ez izateagatik, edota janariaren kalidade eta trazabilidadeaz ezer ez jakiteagatik. Gaur egun indarrean dagoan catering bidezko eredua, ez dabe egokitzat ikusten umeen ongizaterako eta hezkuntza-proiekturako.
Berango Merana eskolako komunidadeak urteak daroaz sukaldea berreskuratzeko lanetan. Hezkuntza Sailak sukalde propioa eregiteko konpromisoa hartu eban 2019-2023 Azpiegitura planean, baina proiektua atzeratu zan. Azkenengoa, 2021ean, kasu honetan sukaldearen proiektua IPI (Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentro barria) aurreproiektuak baldintzatu eban.
Ikasleen Guraso Elkartetik dei egiten deutse administrazinoei Berango Merana eskolaren egoereari kasu egiteko eta sukalde propioaren aldeko bidea azkartu dagien. ‘Bertan ekoiztu, bertan prestatu eta bertan jan!’ lelopean, zemendiaren 7an argazki erraldoia atara eben eskolako patioan. “Berango Merana eskolak bere sukaldea gura dau” aldarria ozen entzun zan.
