
Euskal Metalheads kultur alkarteak 20 urte bete dauz eta urteurren hori ospatzeko, urriaren 18an jaialdia egingo dau Bilboko Bilbao Arenan: Euskal Metalheads Fest. Jaialdiaren lehenengo edizinoak Su Ta Gar, Eraso!, Anestesia eta Soziedad Alkoholika taldeak batuko dauz eszenatoki ganean. Lehenengoz batuko dira euskal talde honeek kartel berean. Horrezaz gain, Albaceteko Angelus Apatrida eta Kataluniako Crisix-ek be parte hartuko dabe.
Javi Garcia Euskal Metalheads alkarteko kideak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, “oso gatxa da holango taldeak kartel berean batzea”, eta horregaitik “ia errepikaezina izango da holango aukerea”. Jaialdiaren helburua ez dala dirua irabaztea be zehaztu deusku. “Jai handi bat egitea eta ondo pasatzea” da helburua. Horregaitik, zaleek sortu eta zaleentzako egindako jaialdi autogestionatua izango da Euskal Metalheads Fest, gastuak kubridutea baino ez dauka helburu, inolango irabazi ekonomikorik lortu barik. Momentuz, publikoaren erantzuna ikusgarria izan da, pistako sarrerak agortuta dagoz-eta. Harmailetakoak geratzen dira salmentan.
Informazino gehiago eskuratzeko edota sarrerak erosteko, www.euskalmetalheads.com webgunea kontsultau daiteke.