Javier Aizpurua Iriazabal fisikariak irabazi dau 2022ko Euskadi Ikerkuntza saria

Nanofotonikan aditua, argiaren eta materiaren arteko interakzinoa eskala atomikoan aztertzen dau Javier Aizpuruak

Javier Aizpurua (Euskadi Ikerkuntza Saria): “Bizitza kalidadea hobetu gura dogu”

2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria Javier Aizpurua fisikariarentzat da. Aizpurua Materialen Fisika Zentroko (CSIC-EHU) eta BERC-eko (Basque Excellence Research Centre) ikertzaile-irakaslea da, nanofotonika arloan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak urtero deitzen dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan -hau da 2022ko deialdiaren kasua-, Zientzia eta Teknologia modalidadean egiten da deialdia eta urte bakoitietan barriz, Gizarte-Zientzien eta Humanidadeen arloko profesionalen lana aitortzen dau sariak. Euskadiko Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dauka helburu nagusia.

Javier Aizpurua Iriazabal

Javier Aizpurua (Donostia, 1971) Fisika Zientzietan lizentziatua da Zaragozako Unibersidadean (1994) eta Fisika Zientzietan doktorea Euskal Herriko Unibersidadean (1998). Goteborgeko (Suedia) Chalmers University of Technology-n eta Gaithersburgeko (AEB) National Institute of Standards and Technology-n (NIST) ikerketa egotaldiak egin ostean, 2004an Donostiako DIPC-n (Donostia International Physics Center) sartu zan, eta 2008an zientzialari titularraren plazea lortu eban Materialen Fisika Zentroan (CSIC-EHU) eta Materials Physics Center BERCean. Gaur egun bertako ikerketa-irakaslea da. Ganera, nazinoarteko lankidetza zientifikoak daukaz Orsay, Cambridge, Stanford, Toulose, Munich, Washington D.C. eta Houstoneko ikerketa zentroakaz, besteak beste.

Horrez ganera, Aizpurua Materialen Fisika Zentroko eta Materials Physiscs Center BERCeko zuzendaria izan da (2015-2019). 2006an CIC nanoGUNEren estrategia zientifikoaren eta jardueren diseinuan parte hartu eban. Eta mugaz gaindiko lankidetza-laborategiaren proiektuaren buru be izan da, fotonikan, Euskal Herriko Unibersidadearen izenean, eta Bordeleko Unibersidadeagaz batera. Ikerbasqueren eta Euskampus Fundazinoaren patronatuan be parte hartzen dau.

Fisikari donostiarrak nanoeskalako argiaren eta materiaren arteko alkarrekintza aztertzen dau. Horri nanofotonika deitzen jako. Ikertzen dauanak aplikazino teknologiko interesgarriak daukazala esan deusku Aizpuruak. Besteak beste, medikuntza edota telekomunikazino arloan. Bere helburua, orokorrean, “gizakien bizitzaren kalidadea hobetzea da”. Eta gero, “euskal ikerketa komunidadea lehenengo lerroan jartzea”. Pozik eta eskertuta azaldu da Javier Aizpurua 2022ko Euskadi Ikerkuntza sariagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular