Mungialdeko eta Uribe Kostako hainbat alkatek formalki eskatu deutsie Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari entzute eta herritarren parte-hartze prozesu bat abian jartzea, Lemoizko zentral nuklearra dagoan espazioaren etorkizuna erabagitzeko. Udalerri horreetako ordezkariek agerraldia egin eben joan dan astean Bilbon, gogorarazoteko Uribe Kostako Mankomunidadeak 2025eko bagilean egindako ezohiko osoko bilkura baten, parte-hartze prozesu zabal, plural eta inklusibo bat bultzatzea erabagi ebala, Lemoizko zentral nuklearraren espazioaren eraldaketa gidatu beharko leuken erizpideak definitzeko. Erabagi horretan, Eusko Jaurlaritzari prozesu hori bultzatu dagiala eskatu jakon eta horretarako, bilera bat eskatu zan, hondino egin barik dagoana.
Jesus Mari Arizmendi Lemoizko alkateak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, zentralak “karga historiko, sinboliko eta emozionala” dauka, eta hori kontuan hartu barik ezin da etorkizuna definidu. Bere esanetan, espazio hori industria eremu hutsa baino gehiago izan da, eta orain aukera ederra dago gauzak beste modu batera egiteko. Lemoizko alkateak nabarmendu dau erabagiak ahalik eta modu partekatuenean hartzea dala helburua, herritarren, eragile sozialen eta adituen eretxiak jasoz. Arizmendik gaineratu dau, espazioak potentzial handia daukala, baina baita erronka handiak be. Bere ustez, erronkarik nagusiena da zentralak daukan karga negatiboa positibo bihurtzea eta eredu barritzaile bat eregitea. Mungialdeko eta Uribe Kostako alkateek ez dabe proposamen zehatzik mahai ganean jarri, baina argi daukie momentua dala ideia desbardinak aurkezteko eta eztabaidatzeko.
