
Euskal Herriko Joaldunen Festa Usansolon egingo da bihar. Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrak sortutako jaia da honakoa. Usansolon egingo da bihar lehenengoz. Udalak eta Oinarin dantza taldea arduratu dira guztia antolatzeaz. Unai Landajuelak, dantza taldeko kideak azpimarratu egin dau Usansolon egingo dan lehenengo jaia izango dala. Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra 1988. urtean sortu zan eta 2000.ean hasi ziran jaia ospatzen urtero. Herrialde guztietako 35 talde dagoz gaur egun bertan, tartean Usansolokoa. Landajuelak esan deuskunez joaldunak oso zabalduta eta errotuta dagoz lurralde osoan.
Egun osoko egitaraua
Bihar Usansolon 100 joaldun inguru batuko dira. Asko gaur helduko dira, ze, biharko jaia goizetik hasiko da. Gosaria daukie goizeko 09:30ean. Ostean kalejirea egingo da eta ekitaldi berezia eguerdi aldera izango da. Bertso-bazkaria be antolatu dabe Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariakaz. Usansoloko Oinarin dantza taldean ehun bat lagun dagoz eta honeetatik 20 joaldunak dira. Esan behar ganera, atzerritik be ibili direla, Eskozian, besteak beste.