Arrazakeria eta xenofobia dira gorroto-delituen motibazino nagusiak Euskadin

2025ean %18 murriztu ziran Ertzaintzak gorroto-delitutzat erregistrautako intzidentziak

Jon-Mirena Landa: “Gorroto-delituak ez dagoz gehiengoak babesteko, badira gitxiengoak babesteko”

Aurreiritziek, arbuioak edo etsaitasunak eraginda, desbardintzat hartzen diran pertsonen edo kolektiboen kontrako delitu-jokabideak dira gorroto-delituak. Delitu honeek bere horretan jarraitzen dabe Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratutako azken txostenak erakusten dauzan datuen arabera. 2025ean %18 murriztu ziran Ertzaintzak gorroto-delitutzat erregistrau ebazan intzidentziak Euskadin (2025ean 193 kasu; 2024an, barriz, 236). Arrazakeria eta xenofobia izan ziran motibazino nagusiak, sexu-orientazino eta identidadeagaz lotutakoen aurretik.

Jon-Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko katedradunak Lau Haizetara saioan zehaztu dauanez, datu horreek ez dira zuzenean gorroto-delituen kopurua. Poliziak atzemondako gertakariak dira, eta ostean Fiskaltzak eta epaileek zehaztu behar dabe deliturik egon dala ala ez. Poliziak jasotzen dauzan estadistikek, fenomenoaren argazki bat baino ez dabe erakusten. Ganera, gorroto-delituen “zifra baltza” oso handia izan daiteke, Landaren eretxian. Azaldu dauanez, hamar gertakaritik bakarra identifikatu daitekela kalkuletan da. Horregaitik, estadistikek gora egiteak ez leuke zertan esan gura delitu gehiago egiten diranik, hobeto detektatzen dirala baino.

Gorroto-delituen kontrako borrokan daukaguzan erronken inguruan galdetuta, Zuzebide Penaleko katedradunak argi esan deusku gorroto-delituen kontrako borroka ez dala zuzenbide penalera mugatu behar. Diskriminazinoaren aurkako legeak, administrazinoaren esku-hartzeak, zehapenak eta prebentzinoa lehenago aktibau beharko litzatekez.

EHUko Kultura Zientzifikoko Katedrak antolatuta, Jon-Mirena Landak gorroto delituen inguruko berbaldia eskaini eban joan dan urriaren 2an, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, Gorroto-delituak Euskadin: kontzeptua eta gaurko errealidadea izenburupean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00