Gure Eskuk bigarren Konferentzia Subiranistea egingo dau zapatu honetan, zezeilaren 28an, Bilboko Bizkaia Aretoan, Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburupean. Beraz, burujaubetzaren eta nazinogintzaren oinarrien gaineko hausnarraldia izango da, goizeko 09:30etan hasi eta eguerdi partera arte. Konferentziaren gaineko xehetasunak emon deuskuz Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeroaleak.
Hasteko, Etxaburuk aztertuko dabenaren inguruko gogoeta egin dau: “Subiranotasuna desagertutako elementua zala uste genduan, baina badirudi ezetz. Burujabetza eta nazinogintza kontzeptuak inoiz baino indartsuago dagoz“. Bitartean, ultraeskuinak pisua irabazi dau munduko toki desbardinetan azken boladan. Dana dala, emoten dau hemen badagoala indartu behar dan bestelako gehiengoa, ideia erreakzionarioetatik urrunago egon leikena: “Komunidadea indartu behar dogu. Hormak eta harresiak ez doguz maite, zubiak eregitearen aldekoak gara“.
Gaur egungo testuingurura etorrita, Estatutuaren gaineko eztabaidea legebiltzarrean dago, alderdien arteko zatiketeagaz: “Geure hiru zutabeak honako honeek dira: Euskal Herria herri bat da, herritarron garaia da eta erabagi gura dogu. Horren harira, Estatutu barriak erabagitzeko eskubidea batu beharko leuke“. Bestalde, Madrilen era bateko gehiengoa dago gaur egun, aurrerakoia deitzen dana, baina hurrengo hauteskundeetan gauzak aldatu leitekezala be sendo entzuten da. Kontuak kontu, Etxaburuk dino une guztiak aprobetxau behar dirala, batzuk errazagoak iruditu arren: “Egia da Espainiako Estaduaren gobernantza alda daitekela, baina geurean zentrau behar gara”.
Herritu
Ganera, Herritu ekintzea ipini eban martxan Gure Eskuk 2025eko urte amaieran. Norbere euskal herritartasuna adierazteko modua da, eta era horretara komunidadea eratu gura dabe. Etxaburuk esan deusku pozik dagozala orain arte egitasmoak jaso dauan erantzunagaz eta etorkizunean martxan jarraituko dauala aurreratu deusku.
