
50 urte betetzen dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatua izan zanetik eta 50 urte betetzen dira ia 200.000 pertsona Argeliako lurretan dagoan Tindufeko kanpamentuetan bizi diranetik. Borroka horren ondorioa da, besteak beste, Oporrak Bakean programea. Sahararrak euren herrian eta euren lurraldean biziko balira, ez leukie programa honen beharrik izango. Saharar herria eta sahararrak urte luzez dabilz itxaroten euren eskubideak aitortu eta autodeterminazino erreferendum bidez euren etorkizuna politikoa erabakitzeko, Josu Etxaburu Ondarroako Yaalah alkarteko kideak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez.
Oporrak Bakean programak Tindufeko kanpalekuetatik abiatu dau aurtengo harrera kanpainea. Abenduan bertan izan ziran Euskal Herritik joandako herritarrak. Errefuxiatu sahararren bizi-baldintzak nazinoarteko laguntza humanitarioaren, eta gero eta larriagoak diran muturreko klima-baldintzen menpe dagoz. Etxaburuk gogora ekarri dau udako hileetan Saharan bizi daben klima gogorra, 50 gradu inguruko egunakaz. Oporrak Bakean programea arnasgune bihurtzen da parte hartzen daben adin txikikoentzat eta baita euren familientzat be. Programan parte hartzen daben euskal familiek be asko jasotzen dabe: “asko ikasten dogu, bizitzan zer dan benetan garrantzitsua” azpimarratu dau Etxaburuk.
Oporrak Bakean programearen aurtengo leloa ’50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz’ da. Oporrak Bakean ekimena hori be badalako, hau da, esperantza. Helburua da ahalik eta familia gehien animatzea Saharako ume bat udan etxean hartzera. Programea urtarrilaren 15era bitartean egongo da martxan.
