Euskarak ikusgarritasuna berreskuratu dau Googlen bilaketetan

PUNTUEUS Fundazinoak garagarrilean egindako salaketen ostean, bilaketetan erabilten dauan algoritmoa eguneratu dau Googlek

Josu Waliño: “Googlek kasu egin eta egoereari bueltea emotea lortu dogu”

Googlek PUNTUEUS entzun dau. PUNTUEUS Fundazinoak euskerea esparru digitalean lehenengo mailakoa izan daiten egiten dau lan, eta azkenengo hileetan egindako ikerketa, lan zein hausnarketek, emaitza positiboak ekarri dabez. Izan be, Googlen bilatzailearen emaitzek euskarazko web edukien ikusgarritasuna denpora luze batez kaltetzen ibili ostean, bilaketen emaitzetan euskarazko edukia lehen tokira itzultzea lortu dabe.

Joan dan garagarrilean PUNTUEUS Fundazinoak euskerak bilatzailearen emaitzetan jasandako atzera pausoa salatu eban. Orduan egindako azterketen arabera, Googlen bilaketa zerbitzuan euskerea gazteleraren mesedetan diskriminetan zan. Orduan aztertutako laginaren emaitzen %50 bakarrik agertzen zan euskaraz lehen tokian bilatzailearen emaitzetan. PUNTUEUSek Googlen esku itxi ebazan azterketearen emaitzak eta Googlek aldaketak egin ebazan bere algoritmoetan. Ondorioz, euskerak merezi dauan ikusgarritasuna berreskuratzen hasi da Google bilatzailearen emaitzetan. Algoritmoaren aldaketeari esker, eta datuak barriro aztertu ostean, gaur egun Google bilaketetan euskarazko emaitzen %73 azaltzen da lehen tokian.

Josu Waliño PUNTUEUS Fundazinoko zuzendariak nabarmendu dauanez, “albiste ona da, Googlek kasu egin eta egoereari bueltea emon deutsalako”. Algoritmo aldaketeak hizkuntzearen ikusgarritasunean ezeze, erabiltzaileen konsumo ohituretan be eragina daukala nabarmendu deusku Waliñok.

Euskarazko Wikipediaren kasuan be, datuek hoberantz egin dabela esan deusku PUNTUEUS Fundazinoko zuzendariak. Orain hile biko emaitzei begiratuta, Google bilaketetan Wikipediako euskarazko emaitzak %45 bakarrik lehenesten ziran. Algoritmoaren aldaketen ondoren, %80 dira lehen tokian azaltzen diran euskarazko emaitzak.

Kezkaren eta ondorengo salaketearen abiapuntuetako bat, Aliança per la Presència Digital del Català erakundeak egindako ikerketa bat izan zan. Bilaketak egiterako orduan, Googlen algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean daukan eragina aztertu eben, eta 2022ko udabarritik aurrera, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez egozanak zigortzen ebazala ondorioztatu eben. Gaur, euskerearen kasuan lez, katalanak be Interneten eukan tokia berreskuratzeko aurrerapauso nabarmena emon dau Googlek egindako eguneratzeari esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular