Euskal Herriko Unibertsitatera hurreratu gara gaurkoan. Izan be, urtea amaitzear da eta momentu egokia da balantzea egin eta etorkizunera begira jarteko. Horretarako, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreagaz egin dogu berba. Batez be, finantziazinoaren gaia egon da pil-pilean azken asteetan. Asteon aurrekontuen osoko zuzenketak atzera bota ditue EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean. Bengoetxearen esanetan, aurrekontu honeek “geldialdia” ekarri dabe unibersidadera: “180 milioi euro gehiago behar doguz geure preminei erantzuteko”.
Eusko Jaurlaritzak 337,4 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean EHUra. Diru kopuru horrek %6,3ko igoerea suposatzen dau. Halanda be, Bengoetxea ez dago konforme. EHUk azterketa bat egin eta dituan beharrak zeintzuk diran zehaztu dau, digitalizazinoaren, lan baldintzen eta azpiegituren esparruetan. Ondorioz, errektoreak dino diru gehiago behar dabela dagozan preminei aurre egiteko. Kontuak kontu, erabilitako tonuak deitu dau gizartearen arreta, batez be.
Bestalde, munduko 400 unibersidade onenen artean dago Euskal Herriko Unibertsitatea momentu honetan. Horrek egiten dan lana berresten dauala esan deusku Bengoetxeak, arazo eta gorabehera guztien gainetik: “Geure kideek egiten daben lana miresgarria da, txalotzeko modukoa”.
Etorkizuna
Azpiegituren esparruan, Basurtun eregitako Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen egoitza barria prest egongo da laster. Dana dala, ez dago guztiz bermatuta datorren ikasturte hasierarako martxan egotea: “Obrak ahalik eta arinen amaitzea espero dogu, baina gero lekualdaketa osoa egin beharko da”. Ganera, Zorrotzaurren egotea behar-beharrezkotzat jo dau errektoreak: “Ezinbestekoa da ezagutzaren urian EHUk presentzia oso garrantzitsua eta nabarmena eukitea”.
