Sailburuak zientziari jagokon garrantzia emotea eskatu dau, negazionismo garai honetan

EHUren finantziazinoaren inguruko eztabaidea mahai gainean eta pil-pilean dago

Juan Ignacio Pérez Iglesias: “Ezin dot ontzat emon erakunde batek zuzenak ez diran datuak emotea”

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Unibertsidade, Barrikuntza eta Zientzia sailburua / Bizkaia Irratia

Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Unibertsidade, Barrikuntza eta Zientzia sailburuagaz egin dogu berba gaurkoan Goizeko Izarretan irratsaioan, EHUren finantziazinoaren gaineko eztabaidea mahai gainean eta pil-pilean dagoan honetan. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak dino atentzinoa deitu deutsiela Unibertsidade sailburuaren berba zakarrek.

Bengoetxeak dino unibertsidadearen preminen barri emon gura izan ebela, nahiz eta jakin datorren urteko aurrekontuetan ezin izango zala dana batu. 200 milioiko beharrizanen barri emon eben hasiera baten, baina proposamen bideragarriagoak egin ei ditue sailburuagaz eukitako bileran eta Eusko Legebiltzarrean. Datorren urterako gitxienez, 20 milioi beharko litzatekezala dino Bengoetxeak.

Pérez Iglesiasek ez dau Bengoetxeak esandakoa zalantzan jarri, baina eztabaida honetan datu zuzenak erabiltea eskatu deutso: “Ezin dot ontzat emon erakunde batek zuzenak ez diran datuak emotea”. Kontuak kontu, munduko 400 unibertsidade onenen artean dago EHU eta maila horri eusteko hainbat erronka ditu aurretik: “Ikerketari indar gehiago emon behar deutsagu”.

Barrikuntza eta Zientzia

Barrikuntza eta Zientzia sailetako burua be bada Pérez Iglesias. Sailburuak zientziari jagokon garrantzia emotea eskatu dau, negazionismo garai honetan: “Gertaera alternatiboetan oinarritutako negazionismoa aurrerakuntza sozialaren kontra dago”. Bestetik, barrikuntzei jagokenez, ‘Berrikuntza Itsasargiak’ eta ‘Basque Quantum’ proiektuak nabarmendu dauz. Teknologia kuantikoa pil-pilean dagoan honetan, pauso garrantzitsuak emon dira Euskadin esparru honetan azken urteetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00