Xiker Ozerinjauregi Mendikoetxea hogetabost urteko jokalaria da. Gaztea izan arren, hainbat taldetan jokatu dau Amorebietara iritsi aurretik. Lezaman zortzi urte egin ostean -alebin mailatik Basconiara- Toledo taldean hasi zan jokatzen eta hurrengo denporaldia Tafallako Peña Sport taldean bete eban. Ondoren, Reala B, Cornella, Betis B, Sabadell, Ebro eta SD Logroñesen jokatu eban, joan zan udan Amorebietaren eskaintzeari baiezkoa emon eutson arte.
Gustora dago Zornotzan eta indartsu ikusten dau bere taldea. Azken jardunaldian, txartel gorria ikusi eban Amorebietak Numanciaren zelaian jokatu eta irabazi eban partiduan. Beragaz egin dogu berba Jokoan tartean eta Julen Jon Guerreroren ganean itaundu deutsagu. Ozerinjauregiren eretxiz, Julen Guerrero handiaren semeak asko emongo deutso Amorebietari denporaldi honetan. Athleticen jokatzen ikusten dauenentz itaunduta, baietz erantzun deusku.
Amorebietak puntu bira ditu bigarren mailara igoteko play offak jokatzeko aukerea emoten daben postuak, azken jardunaldian etxetik kanpo lortutako garaipenaren ostean. Haritz Mujikaren gizonek Real Union hartuko dabe astegoienean Urritxen. Gipuzkoarrak sailkapeneko beheko aldean badagoz be, bost puntuko aldea baino ez dago lehiakide bien artean. Derbi erakargarria zalantza barik.