Barrikuntzak izango dira 11. Loraldia Festibalean be. Kanpoko artistak euskeraz abesten eta antzezten ikusi ahal izango doguz. Gaur iluntzean egingo da Bilbon 11. Loraldia Festibalaren aurkezpena. Gogoratu daigun, euskera hutsez egiten dan jaialdia dala. Orain arteko hamar edizinotan izandako arrakasta nabarmentzen dabe antolatzaileek. Amaia Ocerin komunikazino arduradunak esan deuskunez, oso erantzun ona izan dau ekimenak orain arte. Trikua esnatu da leloa aukeratu dabe 11. Loraldia festibalerako. Gaur iluntzean, urtean zehar egin diran ekintzak gogoratuko dabez. Urteko hitzordu garrantzitsuena da gaurkoa. 1.500 lorezain daukaz gaur egun Loraldiak eta urtez urte gehiago dira. Aipatu behar, Zaratamon, Arrigorriagan, Lekeition edo Iruñean be egin izan dauazala ekimenak Loraldiak. Gazte eta sortzailei barriei laguntzen deutse, 13 ikastetxetan be badabiz lanean eta arlo digitalean, besteak beste, podcast bereziak be sortu dabez.
Nobedadeak
11. Loraldiari begira, ez dira nobedadeak faltako. Nabarmenena aipatu doguna, kanpoko artistak arituko direla euskeraz kantetan eta antzezten. Zubiak eraikiko direla azpimarratu dau Ocerinek. Zuberoako musikea eta ohiturak erakusteko ikuskizuna da Loraldia festibalaren ekoizpen propio handia. Iruñean be eskeini izan da eta Bilbon erakutsiko da martian.
Gaur iluntzeko 20:00etan izango da Loraldia aurkezteko ekimena Bilboko Kafe Antzokian. Ines Osinagak emonaldi berezia eskeiniko dau bertan. 2025eko martiaren 10etik 30era bitartekoa izango da 11. Loraldia. Bihar Lorezainentzako sarrerak saltzen hasiko dira.