Bilbo Kantari ekimenak kantu-liburu barritua argitaratu dau. 2005. urtean Bilbon sortu zan kantujiratik datorren ekimena da honakoa. Hasieran Erandio, Santutxu eta Deustuko taldeak batzen ziren Santo Tomas egunean eta Txikiteroen egunean. Bilboko Konpartsakaz batu ziran eta 2007. urtetik Aste Nagusian be hartzen dabe parte. 2007. urtean bertan eta 2014.ean, kantu-liburuak argitaratu ebezan. Oroigarri bat eukiteko egin eben eta kantajiretan erabiltzeko. Honakoa beraz, hirugarrena da. Gogoratu daigun, hileko bigarren zapatuetan izaten dala Bilbon kantujirea. Josu Zaratek azaldu deuskunez, Zazpi Kaleetan ibiltzen dira. Inoiz, San Frantzisko edo Indautxuko jaietan izan dira eta ohikoa da euren emonaldia Olabeaga auzoko jaietan.
Liburu barritua
Bost bat geldialdi egiten dabez kantujiratan eta 4-5 abesti eskeini musikari eta guzti. Ehundik gora lagun batzen dira. Kantu-liburu barriak esan behar, nobedadea daukala. Kanta bakotxak QR bat dauka eta horren bitartez, kantuaren bideoa be ikus daiteke. Zaratek esan deuskunez, lan handia izan da honakoa kaleratzea. 183 kantu agertzen dira guztira bertan eta aurreko liburuakaz alderatuta, 40-60 kanta barri daukaz. Horrez gain, Kantari izeneko aplikazinoa be sortu da. Honen bitartez, kantujira bakotxa noiz eta ze ordutan dan jakin daiteke eta kantuak be bertan agertzen dira. Kantu-liburu barria, kantujiratan eskuratu daiteke 3 euroan. Hurrengoa Bilbon, martiaren 14an izango da iluntzeko zazpi ta erdietan.
