Kepa Junkeraren omenezko “Hauspoz” ikuskizunak emongo deutso bihar hasierea Getxoko Folk jaialdiari.
Bihartik domekara bitartekoa izango da aurten 39. Getxoko Folk jaialdia. Muxikebarri aretoan, ordaindu beharreko bost emonaldi eskeiniko dira eta aire zabalean, Ereaga hondartzan zein Areetako Geltokian doako beste hamaika emonaldi eskeiniko dira.
Junkerak lotura handia jaialdiagaz
Bihar hasteko “Hauspoz” ikusi ahal izango da. Kepa Junkerari eskeinitako omenaldia da honakoa. Getxoko Kultur Etxetik, Irantzu Uriarte zuzendariak esan deusku, Junkerak betidatik izan dauala loturea Getxoko Folk jaialdiagaz. Kukai Dantza taldeak, Oreka TX-k, Galiziako Budiño eta Uxiak, Kantabriako Pandereteras del Barrio eta Kataluniako La Cobla de Sant Jordi taldeek hartuko dabe parte besteak beste, “Hauspoz” ikuskizunean. Kepa Junkera bera be egongo da bihar Getxon.
Emakumeak nagusi kartelean
Egitarauari erreparatuta esan behar, aurten, diferenteen arteko fusinoa izango dala nagusi. Horrez gain, emakumeek presentzia handia dabe aurten. Bihar, Valèri Êkoume arituko da, kantari frantziar-kamerundarra. Barikuan Heviak eskeiniko dau kontzertua eta astegoienean, Las Migas izango da zapatuan, lau emakumez osotutako taldea. Flamenko femenino ausart eta alaia dakarre honeek. Gogoratu behar iaz, flamenko disko onenaren Grammy saria irabazi ebela “Libres” izeneko azken lanagatik. Amaitzeko domekan, Silvana Peres portugaldarra arituko da. Fadoak eskeiniko dauz. Aipatutako artistez gain, Ereaga hondartzan, Mago de Oz taldea arituko da barikuan eta La Pegatina zapatuan. Areetako Geltokiko plazan bitartean, Moonshine Waagon edo Ars Armandi folk metal taldeak ikusi ahal izango dira.