Abenduaren 2ra arte egingo da Euskaraldia ariketa soziala, eta hizkuntza ohiturak finkatu eta aldatzeko balioko dau Euskalgintzaren Topaguneak lankidetzan eratzen dauen ekitaldiak.
Heldutasunaren eta kalidadearen Euskaraldia
Aurtengoa hirugarrena izanda, Euskaraldirik helduena izango da. Jenteak dagoeneko badaki zer dan eta zertarako dan. Lehengoa barritasunaren Euskaraldia izan zan, eta parte hartze handia izan bazan be, jente asko apurbat galduta ibili zan. Bigarrena egoera berezian egon zan, COVID garaian, eta ezin izan zan bete-betean egin. Aurtengoa Euskaraldia finkatzeko urtea izango da, ekimena dagoeneko ezaguna dalako eta jenteak badakialako ariketa soziala dala. Kalidadean be aurtengo Euskaraldian irabaziko dala uste be antolatzaileek, aukerak gehiago aprobetxauko diralako.
Arigune ugari
Arigune ugari eratu da erakunde eta enpresetan. Aurretik identifikazino zeregina egin behar izan da, erakunde eta enpresa bakotxean Ariguneak sortzeko baldintzarik ete egoan jakiteko. Arigunea sortzeko beharrezkoa da lan-eremu horretan behar egiten daben guztiek euskeraz gitxienez ulertzea. Baldintza hori beteta, aurton iaz baino Arigune gehiago izango da.
Lankidetzea euskerea bizibarritzako
Topaguneko buruak esan deusku euskerea bizibarritzeko derrigorrekoa dala lankidetzea eta inplikazinoa. Erakunde publikoen inplikazinoa, gizarte erakundeen parte hartzea eta herritarren parte hartzea. Eragile guztiak beharrezkoak dira eukerea bizibarritzeko. Kike Amonarrizen esanetan argi dago honako ariketen ostean aurretik baino euskera gehiago egiten dala. Euskaraldi egunetan asko handitzen da erabilerea eta amaitu ondoren barriro bajatzen da, baina beti geratzen da arrastoa eta ariketea egin aurretik baino euskera gehiago erabilten da.