
Irailaren 1etik 6ra bitartean egingo dabe aurten Gasteizko FesTVal jaialdia, eta gala berezian jasoko dau Klaudio Landa ETBko aurkezleak Joan Ramon Mainat saria. Jaialdiak jakineragin dauanez, entretenimenduko eta aktualidadeko saioetan aurkezle lez egindako ibilbide luzea dala-eta emongo deutse saria. “Landak jakin dau entretenitzea ez dala dibertitzea bakarrik, konektatzea baizik”, gaineratu dau FesTVal-ek. “Bere burua berrasmatzen eta hunkitzen jakin dau”.
Klaudio Landa telebista-aurkezle eta kazetari bizkaitarra alkarrizketau dogu Lau Haizetara irratsaioan. Bere ibilbide profesional oparoaren inguruan ibili gara berbetan. “Ez da makala horrenbeste urtez telebistan egotea” adierazo dau Landak, umorez eta eskertuta. Bere ibilbidea irratian hasi eban, eta esperientzia hori eskolarik onena izan zala esan dau. Irratitik telebistara pasatzea, “kasualidadez betetako jauzia” izan zala aitortu dau kazetari bizkaitarrak: “Une egokian leku egokian egotea garrantzitsua da, baina ondoren egin beharra dago”. Ikus-entzuleakaz konektatzeko gaitasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak dirala gaineratu dau. Lanbide horretan mantentzeko sekretuaz itaunduta, Klaudio Landak argi dauka, sekretu bakarra ez dago; kasualidadeak, lan egiteko grina, benekotasuna edota inguruan daukazun talde ona dira, besteak beste, gakoak.
Arralde, Sorginen laratza, Esta es mi gente, Oh happy day, Sin ir más lejos, El programa de Klaudio, Debatea, Egunak egin du, Eztabaidan… Klaudio Landak programa mordoa gidatu dauz telebistan. Irailean Hamaika entzuteko programearen ikasturte barriagaz itzuliko da. Aurretik, udan, jaietako saio bereziak aurkeztuko dauz, Ilaski Serrano bermeotarragaz batera. Donostiako Su Artifizialak eta Bilboko Su Artifizialak saioak aurkeztuko dabez abuztuan, uri bi horreetako Aste Nagusiak ospatzen diran egunetan.