Matrikulazinoa oso ondo joan dala esan deusku Rikar Lamadridek Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak gaur Goizeko Izarretan. Beharbada matrikula gehiago itxaroten ebezan, baina hala ere, pozik dagoz datuakaz. Gorakadea batez be industriagaz lotutako graduetan igerri dabe.
Plan barria
Lanbide Heziketarako plan barria egin dau Jaurlaritzak. Plan horren arabera, 2025-2026 ikasturterako ikasle guztiek formazino duala izan beharko dabe. Horretarako, 25 mila enpresen parte hartzea behar dabe. Gaur egun 11.500 ikasle dabilz formazino dualean eta bi-hiru urte barru kopurua 40 mila ingurura heltzea gura dabe Jaurlaritzan. Lanbide Heziketa dual mota bi dagozala azaldu deusku Lamadridek. “Bata orokorra da eta bestea intentsiboa. Azken hau enpresa handietan egiten da beren beregi” zehaztu dau Hezkuntza saileko ordezkariak.
Euskerazko eskaintza
Lanbide Heziketako euskerazko eskaintzeari jagokonez, erronka eskaintza %60koa izatea litzateke. Momentu honetan %50 ingurukoa da. Gero eta gradu gehiago eskaintzen dira euskeraz baina Lamadridek azaldu deuskunez beste hezkuntza mota batzutan (batxilergoa, unibersideadea…) dagoan %90 inguruko euskara eskaintzarik ezin da bermatu. “Talentuaren beharrak atzerritik pertsonak ekartera garoaz, hemengoakaz ez dogu beharrizana asetzen beraz arazotxo bat daukagu. Euskeraz jakin barik datozan pertsona horreei ezingo deutsegu Lanbide Heziketa osorik euskeraz eskaini” azaldu dau Lamadridek.