Sumarrek ez dau ordezkaririk lortu Gaztela eta Leongo hauteskundeetan

Aktualidadeko gai ugari aztertu doguz Sumarreko diputaduaren eskutik

Lander Martinez: “Geure burujabetza energetikoa bultzatzeko momentua da”

Lander Martinez, Sumarreko diputadua / Bizkaia Irratia

Aktualidadeko gai ugari daukaguz aztertzeko asteon eta gaur Sumarren begiradatik jorratu doguz. Horretarako, Lander Martinez Sumarreko diputaduagaz egin dogu berba Goizeko Izarretan irratsaioan, egun berezi honetan. Izan be, 1.500 euroko gitxieneko soldatearen aldeko huelga eguna da gaurkoa. Sumar ez da grebaren alde agertu alderdi moduan: “Uste dogu gitxieneko soldata propioa beharrezkoa dala, baina eztabaida zabala dago mekanismoen ganean”. Gogoratuko dogu Espainiako gitxienekoa 1.221 euroan dagoala.

Beste huelga bat, medikuena. Kasu honetan gainera Osasun ministrea, Monica Garcia, Sumar alderdikoa da. Osagileek astebeteko huelga aldia egin eben pasa dan hilean eta bigarrena egiten dabilz asteon. Euren aldarriei jaramon egin ezean, gehiago be badaukiez iragarrita hurrengo hilabeteetan. Auziaren ganean hausnartu dau Martinezek: “Zilegitasunez ikusten doguz greba guztiak, baina osasun sektorean akordio zabal bat egon da dagoeneko. Konfiantza osoa daukat Osasun ministroan”.

Hauteskundeak

Espainiako autonomia erkidego ezbardinetan hauteskundeak egin dira, azkenak Gaztela eta Leonen. Sumarrek ez dau ordezkaririk lortu. Bestalde, VOXen gorakadea izan da guztietan, azkenengoan apur bat txikiagoa. Dana dala, Martinezek dino emaitza txarra dala ezkerraren ikuspuntutik: “Ez dira hauteskunde onak izan. Hauteskundeetara zelan aurkeztu pentsau behar dogu, jakinda Gaztela eta Leon beti izan dala lurralde gatxa geuretzat”. Hurrengo hauteskundeei begira badagoz mobimenduak, besteak beste, PSOEtik ezkerrera dagozan indarrak zerrenda bateratuetan joateko. Kontuak kontu, Yolanda Diazek iragarri dau dagoeneko ez dala hautagaia izango hurrengo hauteskundeetan.

Ekialde Hurbila

Nazinoartean, Ekialde Hurbilean daukagu begiradea egunotan. Estatu Batuak eta Israel alkarregaz dabilz Iranen aurka, baina Israel bera badabil Libanoren kontra erasoak egiten be. Bien bitartean, Iran inguru guztira erasoak egiten dabilela emoten dau. Ekialde Hurbileko gatazkeak kezka handia eragiten dau. Asteon hartuko dira eraginei aurre egiteko neurriak.

Horren harira, energia barriztagarrien alde agertu da Martinez, erregai fosilen kaltetan: “Energia barriztagarriak behar doguz. Izan be, Euskadi estaduko azken postuan dago autonomia-erkidegoen sailkapenean. Erabilten dogun energiaren %6a bakarrik sortzen dogu. Geure burujabetza energetikoa bultzatzeko momentua da“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00