Martinezek ez dau ulertzen Falangeri Gasteiz erdian alkarretaratze bat egiteko baimena emon izana

Sumarrek hainbat sindikatuk deitutako lanuzteekaz bat egingo dau bihar

Lander Martinez: “Su-etenak ez deutso behin betiko konponbiderik emoten arazoari”

Espainiako Kongresuko diputadua da Lander Martinez 2023tik / Bizkaia Irratia

Sumarrek hainbat sindikatuk deitutako lanuzteekaz bat egingo dau bihar, Lander Martinez Espainiako Kongresuko diputaduak aurreratu deuskunez. Yolanda Diazek zuzendutako alderdiak lanuztea egingo dau Israelek Gazan aurrera eroan dauan genozidioa salatzeko. Berretsitako su-etenak ondorio positiboak euki arren, oindino lana dago egiteke: “Su-etenak ez deutso behin betiko konponbiderik emoten arazoari”.

Gatazka armatuen harira, Donald Trumpek gastu militarretarako Barne Produktu Gordinaren %5az itaundu eutsan Pedro Sanchez Espainiako presidenteari atzoko agerraldian. Edozelan be, Martinezek esan deusku Espainiako Gobernuak bere erabagiari eutsiko deutsola.

Bestalde, Euskal Herrian albiste izan dira azken egunetan Hispanidadearen Egunean Gasteizen egondako istiluak. Martinezek ez dau ulertzen Falangeri Gasteiz erdian alkarretaratze bat egiteko baimena emon izana, alkarretaratze horren kontra protestak egongo zirala hain argi egoanean. Gogoratuko dogu, 19 atxilotu eta hainbat zauritu zenbatu zirala domeka honetako istiluetan Euskal Autonomia Erkidegoko uriburuan.

Heriotzeagaitiko lan-baimena luzatzeko proposamena

Gertuko senide baten heriotzagaitik jasoten dan baimena hamar egunera luzatu gura dau Sumarrek. Dana dala, Diaz lan ministreak heriotzagaitiko lan-baimena hamar egunera zabaltzeko egindako iragarpenak hautsak astindu ditu. Emoten dau nahiko ezustean harrapau dituala guztiak, inork ez eukala horren barririk eta hori aurpegiratu deutsie. Martinezek neurriaren beharra azpimarratu dau: “Denpora behar da psikologikoki berreskuratzeko”.

Aurrekontuei jagokenez, emoten dau datorren urtean be Espainiako Gobernuak ez dauala eukiko aurrekontu eguneraturik eta aurrekoak luzatuta jarraitu beharko dauela beste urte batez. Martinezek uste dau aurrekontuak aurkeztu beharko litzatekezala onartzeko aukerarik euki ez arren. Edozelan be, Espainiako Gobernuaren sendotasuna nabarmendu dau Sumarreko diputaduak, sarritan makal eta hauskor dagoala entzun arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00