Imanol Murua kazetariaren Biba gorriac! liburua hartu dogu esku artean gaurko Goizeko Izarretan irratsaioan Bizkaia Irratian. Muruak Le Reveil Basque astekariko albisteak aztertu ditu lan honetan. Aspaldi-aspaldiko aldizkaria da Le Reveil Basque, 1886tik 1894ra argitaratu zana. Astekari errepublikazalea eta elebiduna zan, eta albisteak euskeraz be argitaratzen ebazan. Pauen idazten eben, Euskal Herrirako.
Liburua ontzeko ikerketea edo azterlana burutzeko Baionako Udal Liburutegiko webgunera jo dau Muruak, Bilketa Euskal funtsen atarira. Ale guztiak egon ez arren, gehienak kontserbatu egiten dira. Astekarian erabilitako euskereari jagokonez, irakurteko erraza zala dino Muruak. Gehienbat, nafar-lapurtera erabilten eben eta euskerazko kazetaritza hizkuntza eratu barik egoan oindino.
