
2025eko bokartaren arrantzaldia aste bete beranduago hasiko da, martiaren 3an barik, martiaren 10ean. Bizkaia, Gipuzkoa, Kantabria eta Galiziako ontzi gehienek, bokartaren kosterea kudeatzeko eredua aldatu gura dabe orain artekoa alde batera itxita, arrantzaldiaren errentagarritasuna hobetzeko asmoagaz. Horretarako, Espainiako Kantauriko flotak daukan kuotea, 28.610 tonakoa, Elkarte Autonomoen artean banatzea planteatzen dabe. Holan, flota bakotxak zenbat antxoa harrapau leiken jakinda, euren kuotea zelan kudeatu erabagi ahal izango leukie, sarritan gertatzen diran prezio jaitsierak ekidituz, esate baterako. Galiziako alkarte batzuk, baina, ez dabe aldaketa hori begi onez ikusten eta planteatutako eredu barriaren aurka agertu dira.
Alkarte guztien adostasunik ez dagoan lez, kosterea aurreko urteetako arau bardinekaz hasiko da. Ontzi handiek edota barruan hamabi arrantzale baino gehiago daukiezanek, 10.000 kilo antxoa arrantzatu ahal izan dabez eguneko eta 120 GTtik beherakakoek 8.000 kilo harrapatu ahal izango ditue. Bokartaren tamaina txikiena kiloko 60 granokoa izango da -hortik gorakoa ezingo da saldu Kantauriko portuetan- eta tolerantzia ehuneko hamarrekoa, urtero lez.
Akordiorik egon ez arren, Bizkaia, Gipuzkoa, Kantabria, Asturias eta Galiziako alkarteek berbetan segiduko dabe Espainiako arrantza arduradunekaz, antxoaren kudeaketaren ganeko akordioa bat adosteko asmoagaz. Eredu barri hori maiatzean sartuko litzateke indarrean. Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeagaz, Leandro Azkuegaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Kresala tartean. Azkuek babestu egiten dau euskal arrantzaleek bokartaren arrantzaldia kudeatzeko planteatzen daben eredu barria eta baikor agertu da balizko akordio baten ganean.