Bisita gidatuak, ibilbide interpretatiboak, landa eta itsas munduagaz lotutako esperientziak, topaketak, dastaketak... antolatu dira

Zemendiaren 8ra bitartean, astebururo, ekintzak izango dira Lea Artibaiko eskualdeko herrietan

Leartibai Bertotik, Lea Artibai eskualdea ezagutzeko beste modu bat

Tokiko lehen sektorearen errealidadea herritarrei hurreratzea da helburuetako bat / Leartibai Fundazioa

Lea Artibai eskualdea Leartibai Bertotik ekimenaren edizino barri bat ospatzen dabil. Tokiko produktuak, bertako ekoizleen lana eta lurraldearen aberastasun kulturala, historikoa eta naturala balioan jartzea da ekimenaren helburua. Leartibai Fundazioak antolatuta, aurtengo edizinoak, zortzigarrenak, izena eta eskaintza barriztu dauz, eskualdeko herritarrei zein bisitariei bertako ondarea eta nortasuna beste modu batera ezagutzeko aukerea eskaintzeko.

Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendariak azaldu deuskuz, ekimenak aldaketa esanguratsuak dakarz. Orain arte Leartibai Fest izenagaz ezagutzen zan. Arrizubietaren esanetan, aldaketak aurrerapauso bat ekarri dau, turismoa sustatzeaz ganera, eskualdea bertako herritarren artean be ezagutarazoteko. Ekintzak aste bitik lau astera zabaldu dabez, eta lehen sektoreak presentzia handiagoa dauka egitarauan. Eskualdeko hamabi udalerrietan egingo dira jarduerak. Bisita gidatuak, ibilbide interpretatiboak, tokiko eragileakaz topaketak eta bertako produktuen dastaketak antolatu dabez, natura, historia, kultura eta gastronomia ardatz hartuta.

Era berean, ekintzak egingo diran astegoienetan, eskualdeko zazpi jatetxek Leartibai Bertotik menua eskainiko dabe, eskualdeko produktuakaz osotua. Antsotegi eta Olaia (Etxebarria), Ikestei (Ziortza-Bolibar), Egaña (Lekeitio), Ispasterreko Herriko Taberna (Ispaster), Zentrala (Berriatua) eta Ondarroako Batzokia (Ondarroa) jatetxeek hartzen dabe parte.

Leartibai Fundazioko zuzendariaren esanetan, lehenengo asteburuan egindako jarduerek harrera ona euki dabe, eta eskualdeko herritarren interesa nabarmendu dau. Euskal Herriko beste leku batzuetatik be emon dabe izena parte-hartzaileek. Jarduera batzuetako plazak beteta dagozan arren, hondino badago beste batzuetan izena emoteko aukerea. Informazino gehiago, www.leartibaiturismo.com webgunean edo 645 009 477 telefono zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00