Ander Azkarai forutarrak Gambiako Lehoiak proiektua sortu eban 2024ko irailean, Alpicat Solidari erakundeagaz batera, Baja Kundan (Gambia) egindako boluntariotza-egonaldi baten ondoren. Urte horretan, Katalunian fisioterapia ikasketak egiten ebazan bitartean, Azkaraik praktikak egin ebazan hiru astez Afrikako herrialdean. Bertan San Mamés United Academy taldearen barri izan eban. Harrituta geratu zan etxetik hain urrun Athleticen koloreak eta elastiko zuri-gorriak ikustean. Horregaitik, lotura hori indartzeko eta Baja Kundako kirol- eta komunidade-garapenean laguntzeko asmoz, Gambiako Lehoiak sortzea erabagi eban, futbolaren bitartez Gambia eta Euskal Herria lotzeko helburuagaz.
Ander Azkaraik Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, San Mamés United Academy taldea 2017an sortu zan ofizialki, Baja Kunda herriko gazteek kirola, eta batez be, futbola praktikatzeko espazio bat sortzeko helburuagaz. Izenaren ideia irratiaren bidez hartu eben. Izan be, Athleticek Bartzelona edo Real Madrid moduko taldeen aurka jokatzen ebazan partiduetako emankizunetan, esatariek Katedralean sortzan zan giroa nabarmentzen eben. Gaur egun San Mamés United Academy taldeak hiru talde daukaz —senior mailako talde bat, eta behe-mailako talde bi—. Futbolerako zaletasun handia dago bertan, baina klubak baliabide eta material faltea dauka.
Horregaitik, Gambiako Lehoiak proiektuaren lehenengo helburua kirol-materiala batzea da, jokalariek entrenatzeko eta lehiatzeko baliabide gehiago izan dagien. Kanpainea zemendiaren 6an hasi eta abenduaren 8ra bitartean egingo da. Bizkaiko futbol-taldeen, peñen eta kirol-alkarteen laguntzagaz, bilketa-puntuak jarri gura dabez euren instalazinoetan, herritarren ekarpenak jasotzeko. Zazpi urtetik gorako gazteentzako eta nagusientzako materiala biltzea da asmoa. Kamisetak, prakak, kirol-arropak, baloiak, sareak edo espinillerak batu gura dabez. Erabilitako materiala be onartuko dabe, egoera onean badago. Batutako materiala 2027an Gambiara eroatea da asmoa, apirilean edo maiatzean. Prozesu osoa —bilketa, bidalketa eta banaketea— sare sozialen bidez erakusteko asmoa daukie.
Halanda be, Gambiako Lehoiak proiektuaren helburua ez da materiala bidaltzea bakarrik. Etorkizunean, Euskal Herria eta San Mamés United Academy-ren arteko lankidetza sustatu gura dau Azkaraik. “Lehen fasea material-bilketa izango da, eta gero, jentearen eta erakundeen erantzunaren arabera, beste proiektu batzukaz jarraituko dogu”, azaldu dau.
Proiektuari buruzko informazino gehiago, Gambiako Lehoiak ekimenaren sare sozialetan dago eskuragarri: Instagramen, X-an, TikToken eta Facebooken (@gambiakolehoiak). info@gambiakolehoiak.org helbidera be idatzi daiteke.
