Aitor Ramosek agur esan deutso futbolean jokatzeari, Athleticen eta beste hainbat taldetan ibili ostean

Caparrosen eskutik iritsi zan lehen taldera eta zazpi partidu jokatu ebazan elastiko zuri-gorriagaz

Aitor Ramos, lehoi baten agurra

Aitor Ramos, Vila-realen aurkako partiduan San Mamesen / Athletic Club

Aitor Ramos Lenizek agur esan deutso futbolean jokatzeari. Sei urtegaz hasi zan Itsas-Gane zelaian Bermeoko futbol eskolan. Lezamarako aukeratu eben eta Athleticen harrobiko taldeetan hiru urtez jokatu ostean, Santutxura joan zan. Sei urte bete egin ebazan bertan. Barriro jaso eban Lezamako kirol arduradunen deia eta lehen taldera iritsi zan 2007-08 denporaldian Joaquin Caparrosen eskutik. Aitorrek ez dau inoiz ahaztuko 2008ko urtarrilaren 16a. Izan be, bere lehen minutuak jokatu ebazan elastiko zuri-gorriagaz, Espanyolen zelaian kopa txapelketako partiduan. Aste bete beranduago, Frank Rijkaarden Bartzelonaren aurka jokatu eban San Mamesen, Messi, Xavi, Iniesta, Puyol eta enparauen kontra. Beste bost partidu jokatu ebazan lehen mailan, Levante, Zaragoza, Vila-real, Valladolid eta Santanderreko Racingen aurka.

Athleticetik urten eban hurrengo denporaldian Ecijan jokatzeko. Barakaldon eta Laudion jokatu ostean, Getxoko Arenas taldera iritsi zan 2012an eta zortzi denporaldi bete ebazan bertan. Azken hiru urteetan bere herriko taldean, Bermeon jokatu dauz eta omenaldi beroa eskeni eutsoen Itsas Ganen Indautxuren aurkako partiduan. Azken minutuak Iurretakoren zelaian jokatu ebazan joan zan zapatuan, hurrengo egunean hogeta hamazortzi urte bete aurretik. Aitor Ramos Lenizegaz egin dogu berba Jokoan tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00