Biztanleriaren %10 inguruk daukaz adimen-gaitasun handiak, baina bataz beste %1 baino gitxiago dago identifikauta. Ganera, horreetako gehienak, %70, mutilak dira. Beraz, gitxi detektatzen dira eta genero-alborapena esanguratsua da.
Egoera honen aurrean, EHUko ikertzailea dan Leire Aperribaik, La Laguna Unibertsitateko ikertzaileakaz batera, tresna eraginkor bat probatu dau detekzino-maila eta objektibotasuna handitzeko. Aperribaik argi itxi dau detekzinoa ondo egitea oso garrantzitsua da, “ezagutu ezean, zaila da erantzun egoki bat emotea”. Izan lei adimen-gaitasun handiko pertsonek motibazinoa galtzea, autoestimu bajua izatea edo eskola-porrota gertatzea, besteak beste.
Ondorio hori Bigarren Hezkuntzako 1.261 ikaslegaz egindako ikerketa batetik atara dabe. Matrices-TAI proba erabili dabe gazteakaz. Ordenagailuan egiteko test bat da eta bataz beste 30 minutuko iraupena dauka. Detekzino-maila altua eskaintzeaz gain, identifikazino-prozesua asko laburtu leike. Objektibotasuna be bermatzen dau. Nesken eta mutilen portzentajeak antzekoak dira. Beraz, ez dau genero-alborapenik egiten. Ikertzaileen esanetan, gaur egun erabilten diran baheketa-sistemen eragozpenak ekiditeko alternatibea izan daiteke.
