
Leire Olaberria Ikaztegietako txirrindulari ohiagaz egin dogu berba asteon Emakumeak Jokoan irratsaioan. Batez be, txirrindularitzan egindako ibilbideagaitik ezaguna izan arren, atletismoan Espainiako 100 metroko txapelduna izan zan Olaberria kadete eta junior mailetan. Edozelan be, atletismoa alboratu eta bizikleta ganean burutu eban bere ibilbide profesionala: “Atletismoan itzali ziran ametsak berbiztu ziran txirrindularitzan”.
Txirrindularitzari jagokonez, modalidade desbardinetan aritu zan Olaberria, pistan zein errepidean. Bere lorpenik garrantzitsuena 2008ko Olinpiar Jokoetan puntuazino proban lortutako brontzezko domina izan zan, duda barik. Ostean, 2012ko Olinpiar Jokoetan be parte hartu eban.
Bestalde, errepideko lasterketetan urteak be emon ebazan Olaberriak. Horren harira, 2010ean Espainiako txapeldun bilakatu zan, errepidean zein erlojupekoan. Beraz, pista eta errepide modalidadeak modu ezinhobean tartekatu ebazan Olaberriak bere ibilbide osoan zehar. Dagoeneko erretiratuta egon arren, kirola jarraitzen dau eta emakumezkoen txirrindularitzan gertatu behar zan “iraultza” gertatu dalakoan dago.