Poesia atalean, Ane Labaka eta Elena Sanchez dira saritutakoak; ikus-entzunezkoen arloan, barriz, Inge Mendioroz eta Oier Plaza, ex aequo

Benito Lertxundik eta Jose Angel Irigaraik jasoko dabe Ohorezko Lauaxeta saria

Leixuri Arrizabalaga: “Gaur egun prestigioduna da euskaraz kultur proiektuak aurrera eroatea”

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur arratsaldean (18:00etan, Bizkaiko Foru Jauregian) banatuko dauz 2025eko Lauaxeta sariak. Aurten Benito Lertxundik eta Jose Angel Irigaraik jasoko dabe Ohorezko Lauaxeta saria, Bizkaia maite kantuagaz egindako ekarpenagaitik. Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kirol eta Kultur diputaduak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, Bizkaiak zor bat eukan biakaz, “zor handia”. Irigaraik idatzi eban Bizkaia maite poema, eta Lertxundik ipini eutsazan musika eta ahotsa. Arrizabalagaren esanetan, “gure bizitzaren soinu banda”.

Poesiaren atalean, 35 urtetik beherakoen Lauaxeta saria Ane Labakak jasoko dau, Hezur berriak lanagaitik; 35 urtetik gorakoen atalean, barriz, Elena Sanchez saritu dabe, Epilogorik gabe poema bildumagaitik. Azkenik, ikus-entzunezkoen 2025eko Lauaxeta saria ex aequo banatuko da.  Batetik, Inge Mendiorozi emongo jako, emakumeek euskal kulturan daukien garrantzia aztertzen dauan Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalarengaitik. Bestetik, Oier Plazari, Bigarren Mundu Gerran deportautako Anjel Lekuona eta Enric Momeren memoria historikoari eta desagerpenari buruzko Popel dokumentalarengaitik.

Epaileen ebazpenak eta euskararen kontrako joerak

Azken hileetan epaitegiek lan publikoko deialdietan ezarritako euskara-eskakizunen kontra emondako ebazpenek kezka sortu dabe. Euskera diputaduak adierazo dau administrazinoak bere esku dagoan guztia egingo dauala euskeraren presentzia eta legitimotasuna defendiduteko. Arrizabalagaren esanetan, aspaldion euskeraren kontra izandako oldarraldia, “estrategia baten barruan” sartzen da.

Bizkaian Bagara egitasmoa

Arrizabalagak Bizkaian Bagara egitasmoaren inguruan be jardun dau. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak alkarlanean eratu daben programa honen bitartez, euskeraren erabilera soziala handitzea gura da eta bizkaitarrek euskeraz bizi ahal izateko aukerak sendotzea. Azaldu dauanez, ekimenak hainbat ardatz izango dauz —hezkuntza, aisialdia, zerbitzuak, transmisinoa— eta danetan lortu nahi da ingurune euskaldunagoak sortzea, naturaltasunez eta inposizinorik barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00