Datorren urtera egin gura dabe gizarte fitxa

Administrazinoen arteko informazino trukea egin gura da erabiltzaileei gauzak errazteko

Lide Amilibia: “Gizarte zerbitzuen informazino sistema bateratua eregiten gabilz”

Lide Amilibia / Bizkaia Irratia

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailak gizarte fitxa edo fitxa soziala sustatu gura dau, administrazinoen arteko informazino trukea egiteko. Gaur egun administrazino bakotxak bere eskumena dauka eta askotan gertatzen da erabiltzaile bat administrazino bat baino gehiagotatik pasau beharra eta leku danetan bere gorabeherak errepikatzen ibili beharra. Honen aurrean, administrazinoen arteko informazino trukea egin gura da eta gauza bera arlo soziosanitarioan osasun arloagaz, esatera baterako, egoitzetarako. Datorren urterako prest euki nahiko leukie.

Gizarte arloari dagokionez, Euskadi da Espainiako Estaduko Erkidegoen artean diru gehien inbertiduten dauena, gainerakoen bikotxa, 1.203 euro gitxi gorabehera. Barne Produktu Gordinaren %3,04. Gizarte zerbitzuen katalogo zabala eskaintzen da eta prestazino ugari. Horretan erakunde guztiek hartzen dabe parte, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta udalek.

Diru partida nagusia edadeko pertsonen bizi kalidadea hobetzera bideratzen da, izan be, gizartea gero eta zaharragoa da eta gero eta premina gehiago dago. Jaurlaritzaren asmoa da gizarte zerbitzuak hain estankoak ez izatea eta belaunaldien arteko alkartasuna sustatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00