Baga, biga, higa, Maurizia! lelopean, martiaren 9an abiatu zan XII. Loraldia Festibala. Euskal kulturaren eta sortzaileen topagune nagusietako bat bihurtuta, aurtengo edizinoak, orain arte, publikoaren erantzun beroa jasotzen dabil. Amaia Ocerin komunikazino arduradunak azaldu dauanez, “oso ondo hasi zan jaialdia eta proposamen askotarikoak ikusteko aukerea izango dogu; orain asteburua daukagu aurretik, beste hainbeste ekitaldigaz”.
Bigarren aste honetako hitzordu nagusien artean, Nogen taldearen 10. urteurreneko kontzertua nabarmendu geinke. Publikoaren harrera beroak eta emonaldiaren formatu bereziak —soka laukote baten laguntzeagaz— giro berezia sortu eben martiaren 11n Arriaga antzokian. Bestalde, familientzako eta publiko orokorrarentzako proposamenek be arrakasta izan dabe: ipuin-kontaketak, lo-kantak edo dantza ikuskizunak, besteak beste. Diziplina desbardinen arteko buztarketak dira jaialdiaren ezaugarrietako bat.
Gaur zinema eta literaturaren arteko topaketa berezia izango da EHUren Bizkaia Aretoan. Josu Martinez zinemagileak sortutako Potasio film laburra estreinauko da, eta Jon Alonsok testu original bat irakurriko dau, musikak lagunduta. Astegoienari begira, Goroldiorik ez (III) ibilbide gidatua azpimarratu dabe antolatzaileek. Goroldiorik ez Loraldiak sortutako eta ekoiztutako proposamena da, eta aurten hirugarren edizinoa egingo da. Piszifaktoria Ideien Laborategiko Irati Agirreazkuenagak azaldu dauanez, proposamen honek natura eta kultura buztartzen dauz, emakumeen memoria eta ahotsak ardatz hartuta. Bihar (10:00etan) abiatuko dira San Mamesetik Arraitz mendira, eta bost emakumeren memoria berreskuratu eta gaur egun gurera etorritako beste bost emakumeren testigantzakaz gurutzatuko dabez. Ibilbidearen amaieran, Habia Iparraldeko taldeak kontzertua eskainiko dau.
