"Txinatarrak Afrikako meatzetako mineralen negozioan sartu eta soloetara joateko zubi bat apurtu deuskue" zehaztu dau bizkaitarrak

Kongoko Errepublika Demokratikoan 56 urte daroaz Goicouriak hango familiei laguntzen

Lubumbashin amatasun-zentro barria eregi gura dau Xabier Goicouria misinolariak

Xabier Goicouria Lubumbashiko umeendako zentroan / Goicouria Fundazinoa

Domekan Misinoetako Umeen Eguna ospatuko da. Xabier Goicouria misiolari arratiarrak, Lubumbashi urian, ezgaitasun fisikoak daukiezan umeentzat eskolea zabaltzen lagundu eban aspaldi. Gaur egun zentroan 108 ume inguru daukiez. Zonaldeko familien artean elbarritasunen bat daben gaztetxoekiko ikuspegia hobetu dala esan deusku 83 urte daukazan Goicouriak. “Lehen ume honeek abandonetan ebezan eta familiek ez ebezan euren etxeetan gura” zehaztu dau. Gaur egun ume honeek eskola bat eta ospitale txiki bat daukie. Lau eta hamazortzi urte bitarteko gazteak igaroten dira handik.

Amatasun-zentro barria

Orain momentu honetan beste proiektu bat dauke esku artean. Amatasunerako zentro bat zabaltea umedun dagozan emakumeei laguntza osoa emoteko. Goicouria proiektua egi bihurtzeko teknikariakaz berbetan dabil. Erditzea osasun baldintza onetan bermatzetik harago ume txikien eta amen duintasuna bermatzea dauz helburu amatasun zentro barriak.

Mineralen negozioa

Kongoko Errepublika Demokratikoaz galdetuta egiten dabilen herrialdea dala dino Xabier Goicouriak. “Txinatarrak meatzetatik ataraten diran mineralen (kuprea, koltana eta uranioa) negozioan buru-belarri sartu dira. Gero eta kamioi handiagoak erabilten dabez. Kamioi horreetariko batzuen pisuak soloetara joateko erabilten dogun zubi bat apurtu dabe” salatu dau misinolariak. Herrialdeko agintarien ustelkeriari buruz be luze eta zabal berba egin deusku beragaz Goizeko Izarretan saioan.

Radio Popular