Lucia Lacarra Ballet konpainiak A.I (Amalur Indarra) ikuskizuna estreinauko dau bihar Bilboko Arriaga antzokian. Gipuzkoar dantzariaren konpainiaren bigarren lana da honakoa. Azaldu deuskunez, oraingo honetan, teknologia barrietan, adimen artifizialean jarri dabe arreta. Bere esanetan, beldurra emoten dau. Gauza batzuetarako ona izango dan arren, artea sortzeko momentuan, sentimendurik eza nabarmendu dau. Adimen artifiziala da lanaren ardatz nagusia eta klima aldaketea. Sustraietara bueltatzearen garrantzia azpimarratu gura dabe. Lan barria sortzeko ganera, Zumaiako Komentua Kultur Topagunean egin dabe egonaldia. Amets bat, bere esanetan.
Laserraren erabilerea
Lucia Lakarra bera da ikuskizunaren dramaturgiaren sortzailea. Koreografiari jagokonez, Juanjo Arqués koreografo murtziarra eta Matthew Golding kanadiarra izan dauz ondoan. Ez da ohikoa izaten koreografo bi alkarregaz aritzea. Oso ondo ulertu direla esan deusku Lakarrak. Ikuskizunean 10 dantzari agertuko dira guztira, Lucia Lakarra bera be bai. Nobedadea da, laserra erabili dabela koreografietan. Eduardo Chaconen laguntzea izan dabe argiztapenaren diseinuan. Betitxe Saituarena da bestalde jantzien diseinua. Ikus-entzunezkoek be garrantzia daukie. Ikuskizunean, Nafarroako Bardean grabautako irudiak eskeiniko dira. Arriaga antzokian, hiru emonaldi eskeiniko dabez bihartik domekara bitartean. A.I (Amalur Indarra) ikuskizuna ostean, Donostiako Kursaalean, Baluarte Fundazinoan eta Gasteizko Principal antzokian ikusi ahal izango da. Aipatutako areto guztiek hartu dabe parte ikuskizunaren ekoizpenean.
