Abuztuaren 17an, Marea Horia egingo dabe Gorliz eta Plentziako hondartzetan. Ongi Etorri Errefuxiatuk antolatuta, aurtengo ekitaldiak helburu bi izango dauz. Batetik, mundu osoan milioika pertsonak bizi daben errealidade gogorra agerian itxi gura dabe. Bestetik, gobernuei eta erakundeei nazinoarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetetan dabezan migrazino- eta harrera-politikak hartzeko eskatuko dabez.
Migrazinoen Nazinoarteko Erakundearen arabera, azken 10 urteetan ia 60.000 pertsonek bizia galdu dabe migrazino behartuetan. Luis Guridi Ongi Etorri Errefuxiatuak alkarteko kideak gogoratu deuskunez, “askotan ahaztu egiten dogu zergaitik ateratzeko beharra izaten daben euren herrialdeetatik”. Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek salatzen dauanez, herrialde industrializatuok mendeak daroaguz euren baliabideak arpilatzen, gure bizi-eredu jasanezinak ahalbidetzeko. Desbardintasun sozial gero eta handiagoak, indarkeria, gatazkak eta gerrak sortzen dabezanak. Horreek dira krisi humanitario eta ingurumenekoen oinarrian dagozan arrazoiak.
Marea Horia 2024 edizino honetan Europar Batasunaren migrazino-politikea salatzeaz gain, etorkinak gure lurraldera iritsi ostean aurkezten daben harrera-neurriak be aztertu gura izan dabez. Euren esanetan, ez da onargarria migratzaileek jantokiko txartelen bidez gitxienez oinarrizko elikadura bermatuta ez izatea, eta gizarte-erroldan sartzeko denpora zehaztubakoa itxaron behar izatea. Eskubide hori jasota dago indarrean dagoan legedian, baina sistematikoki urratzen da. Beraz, Ongi Etorri Errefuxiatuak alkartetik jantoki-txartelerako sarbidea bermatzea eskatzen dabe, eta gehienez be, hiru hileko epean erroldatzea. Luis Guridik nabarmendu deuskunez, udal-errolda ez da paper bat bakarrik, eskubide asko eskuratzeko giltza da.