Palestinako genozidioak eragin handia izan dau sortze prozesuan

'LUR' diskoa zuzenean aurkeztuko dabe apirilaren 19an Galdakaon

Lur gabeei eskeinitako lana sortu dabe Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberiok

Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio Etxetxipia / Bizkaia Irratia

Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberiok, kontzertuak iragarri dabez LUR izeneko diskoa aurkezteko. Apirilean eskeiniko dabe lehenengo kontzertua Galdakaon. LUR, bikote honen hirugarren diskoa da. Baldi eta Hari Biru izenekoak argitaratu ebezan aurretik. Oraingoan, hiru urte emon dabez diskoa sortzen. Angelun batzen dira musikari biak, kantuak sortu eta ensaietako. Azaldu deuskuenez, 3 urte emon dabez Gazan bi dan minaren oihartzuna entzuten. Egoera horrek markatzen dau lana. Zeberioren esanetan, lur gabeei eskeinitako diskoa da. Maddi Oihenart be bat dator. Munduan bizi dan giroa ardatz izan dala aitortu dau.

Kolaboratzaile ugari

Abestien berbak sortzeko orduan, bikoteak, Itxaro Borda eta Leire Bilbao idazleen ekarpena jaso dau, besteak beste. Oso eskertuta azaldu dira biakaz. Leire Bilbaori esate baterako, musikea eskeini eutsen lehenengo, berak, testua sortu daian. Juanra Madariagaren poema bat be musikatu dabe LUR diskoan. Mikel Laboaren Lili Bat kanta ezagunaren bertsino berezia be badago, Olaia Inziarte eta Miren Narbaizagaz batera eskeinitakoa. Eta ez dira falta, Zuberoako kantu herrikoiak, Xori Erresiñula adibidez. Musikeari jagokonez, hari sekzinoak, gitarra elektrikoa, harpa, batería eta elektronika ikutuak aurkitu geinkez lan honetan. Goi mailako musikariak izan dabez ondoan, Joseba B. Lenoir, Amaiur Cajaraville, Pello Ramirez edo Francesca di Nicola, besteak beste. Kanpo begiradea emoteko momentuan, Jon Agirrezabalarena izan dabe, bera da, diskoaren ekoizlea Juantxo Zeberiogaz batera.

Zuzenekoak

Zuzeneko emonaldien bitartez aurkeztuko dabe diskoa. Apirilaren 19an izango da lehenengo kontzertua Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Laukotea osotuko dabe emonaldietan Angel Unzu eta Miren Zeberiogaz batera. Asteon batuko dira danak Angelun ensaioiekaz hasteko. Zumaian eta Chillida Lekun maiatzean izango dira eta garagarrilean Markina-Xemeinen eskeiniko dabe kontzertua. Urtean zehar, hitzordu gehiago lortzea itxaroten dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00