Bizkaiko Foru Aldundiak 'Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia (Jatsu, 1937-1937)' liburua argitaratu dau

Urriaren 24an Zeanurin eta 29an Mundakan aurkeztuko da liburua

Lurdes Euzko Aur-Etxea, 34 euskal haurren babes-etxea Gerra Zibilean

Espainiako Gerra Zibileko (1936-1939) gertaerarik larrienetako bat, familietatik banandu eta atzerrira urten ziran haurrena izan zan: “gerrako haurrak“. Milaka ume hartu ebezan Europako herrialde batzutan zabaldutako kolonietan, gatazka-guneetatik ebakuautako haurrak babesteko asmotan. Bizkaiko Foru Aldundiak Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia liburua argitaratu barri dau, iragana gogoratu eta belaunaldi barriak sentsibilizatu gura dauan liburua. Jon Urutxurtuk izan dau liburua idazteko ardurea. Ikerketa lan honek Gogora Institutuaren, Gernika Gogoratuz-en eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzea be izan dau.

Liburua —ehun bat argazki eta dokumentugaz ilustratua— Lapurdiko Jatsu herrian zabaldu eben Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonian oinarritzen da. 34 euskal (21 neska eta 13 mutil) umeen babes-etxea izan zan 1937 eta 1939 urteen bitartean. Jon Urutxurtuk azaldu dauanez, kolonia hau berezia izan zan: partikular batek zabaldu eban, izaera autonomoa eukan, baina Eusko Jaurlaritzaren menpeko haur kolonien kide zan. Ikastetxe-barnetegi bat zan, bertan ostatu, elikadura irakaskuntza, erlijino-prestakuntza eta osasun laguntzako zerbitzuak emoten ziran.

Lurdes Euzko Aur-Etxea aitatzea, Manuel de Ynchaustiri buruz berba egitea da. Ynchausti euskal jatorriko filipinarra zan, Manilan jaiotako euskaldun aberatsa, “pertsona oso apala, solidarioa, katolikoa, euskaltzalea eta demokratea”, Jon Urutxurturen esanetan. Liburuaren bitartez, Manuel, bere emazte Ana Belen Larrauri eta Jatsuko kolonian lan egin eben langileen aitortza egiten da.

Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia liburuaren aurkezpena urriaren 24an (19:00etan) izango da Zeanuriko Kultur Etxean. Eta urriaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, Mundakako liburutegian aurkeztuko dabe. Momentuz, liburua Bilbon erosi daiteke, Foru Liburutegian (Diputazio kalea, 7) edo bestela, www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean, online eskatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00